Literatura

Hizkuntza gutxituetako idazleen azalean jarriko ditu Anjel Lertxundik mintzaira hegemonikoetako idazleak

Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Raul Zelik idazleak gonbidatu ditu Lertxundik Donostiara, D2016k hari emandako karta zuria baliatuz. Abenduaren 12an eta 13an gauzatuko da 'Demagun ehun urte barru' egitasmoa, eta hiru itzultzailek ere hartuko dute parte solasaldietan.

D2016k Lertxundiri emandako gutun zuriaren fruitu da egitasmoa. Esther Ferrer artistarentzat eta Jone San Martin dantzariarentzat izan ziren beste bi gutunak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko abenduaren 7a
13:36
Entzun

Donostia 2016ko egitarauari ekarpena egin ziezaion, karta zuri bat eman zioten hiriburutzaren arduradunek Anjel Lertxundiri. Trukean, Demagun ehun urte barru egitasmoa proposatu du idazleak: etorkizun ziurrik ez duten hizkuntzetako idazleen azalean jarriko dituzte hizkuntza hegemonikoetako hiru idazle —gaztelerazko idazle den Javier Cercas, frantsesezko Marie Darrieussecq eta alemanezko Raul Zelik—, mintzaira gutxituan idazteak zer modutan eragiten duen hausnartu dezaten. "Demagun Europako hizkuntza ttipi batean idatziko bazenu zer sentitu eta zer idatziko zenukeen jakin nahi dugula gonbidapen honetan". Hitz horiekin formulatu du Lertxundik kanpoko hiru idazleei proposatutako erronka, gaur goizean Donostian egindako aurkezpenean.

Abenduaren 12an eta 13an izango dira egitaraua osatzen duten bi solasaldiak. Idazleekin batera, Karlos Cid, Adan Kovacsics eta Miguel Saenz itzultzaileak ere gonbidatu dituzte egitasmora. Lertxundik berak azaldu du horren zergatia: "Berehala ohartu ginen, idazleak inportanteak izanik ere, itzultzaileek egiten dutela hizkuntzen arteko joan-etorria. Itzultzaile anonimo horiek, testuan ia mamu baten gisan funtzionatzen dutenek, ikusten ez ditugunak, baina haiek gabe posible izango ez genukeena hainbat eta hainbat obra ezagutzea eta gozatzea". Abenduaren 12an, hortaz, Javier Cercas, Marie Darrieussecq eta Adan Kovacsics jardungo dira solasean Lertxundirekin, Demagun denbora ez dugula lagun izeneko saioan. Hurrengo egunean, Karlos Cid, Miguel Saenz eta Raul Zelik ariko dira idazlearekin: Demagun itzultzailea dela mamua / Ghost in Translation izena jarri diote solasaldiari. Donostiako Aquariumean izango dira biak, 19.00etan, eta sarrera librea izango da. Antton Valverderen zuzeneko musikak girotuko ditu saioak.

Witold Gombrowicz idazle poloniarrak Czslaw Milosz herrikideari idatzitako gutun batek eraman zuen Lertxundi orain gorpuztu duen ideiara. Gutun hartan, polonierak ehun urteren ostean biziko ote zen, zalantza agertzen zuen Gombrowcizek. Hari horretik tiraka, hizkuntz gutxien biziraupena eta ikuskeraz mintzatuko dira batzuk eta besteak, literaturaren bitartez. Harkaitz Cano aritu da Lertxundiren laguntzaile orain aurkeztutako proiektuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.