Albistea entzun

Emakume preso ohien manifestua: Hemen gaude

 

Berria -

2016ko abenduak 30

Hemen gaude egun batez EHaren independentzia eta gizarte justuago bat helburu, borrokan hasi ginen emakumeak.

Hemen gaude gure borroka esparruetan ikustezinak sentitu ginenak eta, baita, ikustezinak ez izateko ahotsa altxatzea eguneroko zerbait bilakatu genuenak ere.

Estatuentzat, ordea, ez ginen inoiz ikustezinak izan eta, hala, egun batean atxilotuak izan ginen. Ez, poliziak ez zuen inoiz begibistatik galdu emakumeak ginela. Eta, hemen gaude, ondorioz, komisaldegian bortxatuak izan ginen emakumeak, baita bortxatuak izateko izuaren ondorioz, oraindik ere laguntza profesionala jasotzen dugunak ere. Bortxaketa sexuala herri honen askatasunaren aldeko borroka neutralizatzeko guda-arma bat izan baita.

Muturreko egoera hari bakoitzak ahal izan duen moduan egin genion aurre. Eta ondorioz, hemen gaude, laguna salatu gabe duinki eutsi genionak baina, baita, duintasuna galdu gabe, behartu zigutena sinatu genuenok ere. Zeren eta, agian, 50 urte geroago, bada garaia Itziar bezalako emakumeek semeak ezezik alabak ere izan zituztela aitortzeko. Agian, bada garaia, premia eta min pertsonalak ahultasun bezala baino, aurre egin beharreko arazo kolektibo bezala ulertzeko; kartzela zein kartzelatik kanpo. Horrek bereizten baikaitu beraien logikatik. Gu ez baikara beraiek bezalakoak.

Eta, hemen gaude kartzelara sartu gintuztenean bikotekidea galdu genuen emakumeak ere. Egia esan, ez dakigu zein momentutan pasa ahal izan zitzaigun burutik zaintzaile beharrean zainduak izan gintezkeela. Edo, hobeto pentsatuta, gure barruan beti jakin genuen hori gertatuko zela. Eta, hala ere, aurrera egin genuen... Nonbait, borreroak bakarrik ez, herri honetan ausardiak ere baditu milaka aurpegi.

Hala, geroztik, espetxean hain beharrezkoa den babes emozionala gure amek, ahizpek, neskalagunek eman ziguten emakumeak gara hemen gaudenak. Nahiz eta honako hau ez den gizon presoengatik ezberdintzen gaituen zerbait: euskal presoen zaintza eta babesa emakumeen esku egon baita beti eta halaxe jarraitzen du egoten gaur egun ere.

Hemen gaude ama izan nahi eta kartzelaren ondorioz ama izan ez garen emakumeak. Eta hemen gaude ere, barrote atzean eta poliziez inguratuta erditu garenak.

Hemen gaude, seme alabak espetxe barruan, gurekin, hazi ditugun emakumeak, hazkuntza hroretan Instituciones Penitenciariasek ez baitu aurrikusten aitaren inolako parte hartzerik. Hemen gaude, hiru urte bete zituzten egunean bertan, eta azala kendu izan baligute bezala, umeak gure ondotik erauzi zizkiguten emakumeak.

Hemen gaude ere, neska bat maitatzeagatik kartzelaren aldetik, eta ez bakarrik bere aldetik, irainak jaso genituen eta jasotzen ditugun emakumeak.

Hemen gaude, emakume izateagatik kartzela erregimen ezberdina bizi izan dugunak. Gizonezkoentzako egindako kartzelako soberakinetan bizi izan garenak. Patio txikiagoetan, bakartze latzagoetan, baldintza kaxkarragoetan egon garenak. Menpekotasuna areagotzeko asmoz emakume on eta otzan bihurtu nahi izan gaituztenak.

Hemen gaude, funtsean militante independentista izateaz gain, emakume izateagatik komunikabide, komisaldegi eta espetxean modu bikoitzean zigortuak izan garen emakumeak. Hemen gaude prentsa misoginoenen arabera emakume txarrak, ama txarrak, emakume desegokiak, komandoetako putak, terrorista odoltsuenak. Hemen gaude modu bikoitzean zigortu gaituen iruditegi horren eraikuntzan erabili izan diren aurpegi eta gorputzak. Hemen gaude aitortu gabeko militante politikoak.

Guk noizbait jasan genuena egun 51 euskal emakume preso politiko ari dira pairatzen, eta kezkatuta gaude. Horietariko 13 bakarrik daude eta Estatu Españoleko kasuan gehienak bizi erregimen gogorrenean. Kalean behar ditugu, kartzelara eraman dituen gatazka ixteko egoera honi aterabidea eman behar diogu. Gatazka honek eragindako preso eta iheslari gabeko Euskal Herri baterantz abiatu nahi dugu, eta bitartean egun bizi duten salbuespen egoera desegin nahi dugu. Emakumeon kasuan gainera, gatazka honen atzean beste gatazka batzuk ezkutatzen dira, emakumeok gizarte patriarkalaren ondorioz bizi dugun gatazka.

Badira bost urte Aieten, nazioarteko eragileen parte hartzearekin, bide orri bat aurkeztu zela; euskal gatazka politikoari irtenbide justu, baketsu eta iraunkor bat bilatu asmoz. ETAk Aieten egindako deialdiari bere ekarpena egin zion, jarduera armatua behin betiko uzteko deliberoa hartu zuelarik. Baina espetxean edo erbestean dauden gure kideentzat egoerak ez du hobera egin. Bost urte beranduago, euskal preso politikoen auziak konpondu gabe segitzen du.

Gure herrian benetako bakea eta askatasuna eraiki nahi badugu gatazka politiko armatuaren harira izandako ondorioak landu behar ditugu eta emakumeon kasuan "gatazka" horren itzaletan gordetzen diren beste indarkeriak ere landu. Hori GUZTION ardura da. Hori dela eta, kooperazio esparru bat sortu nahi dugu eragile guztiekin. Horregatik, euskal jendarteari orohar eta bereziki emakumeon eskubideen defentsan lanean diharduten eragileei deia luzatu nahi diegu auzi honi behin betiko irtenbide bat bila diezaiogun denon artean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.