Pentsioak

Pentsio sistema propioa bideragarritzat jotzen dute euskal ekonomistek

Ekonometroaren arabera, euskal ekonomialari gehienek (%57) uste dute euskal pentsio sistema bat egin daitekeela. 2016ko azaroaren 29tik abenduaren 20ra arte 506 euskal ekonomistari jasotako erantzunekin osatu du Ekonometroa Ekonomisten Euskal Kolegioak.

Erretiroa hartutako langileak, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
xabier martin
2017ko otsailaren 1a
07:42
Entzun

Kolegio hori osatzen duten 5.000 ekonomisten %10ek emandako iritziaren arabera, euskal pentsio sistema bat bideragarria da. Joseba Barandiaran inkestaren arduradunak aurkeztu ditu gaur, Bilbon, Ekonometroaren emaitzak.

Pentsio sistema, gaur egun egituratua dagoen moduan, ez da iraunkorra. Euskal ekonomista gehien-gehienak bat datoz horretan. Arazo demografikoa, populazioa gero eta zaharragoa dela hain zuzen, funtsezkoa da egungo sistema ez dela iraunkorra esateko. Zer egin beharko litzateke pentsioen finantzaketa bermatzeko? Galdera horri erantzun diote 507 ekonomistak, eta bi erantzun errepikatu dira gehien: lan merkatua erreformatzea, lehena, eta pentsioen sistema erreformatzea, bigarrena.

Era berean, galdetutakoen gehiengoek diote Gizarte Segurantzari egiten zaion gehienezko kotizazioa ezabatu egin beharko litzatekeela; %65 daude horren alde. Beste bi irtenbideren inguruan ez dago adostasunik. Pentsioak zerga berezi baten bidez finantzatzea eta robotentzako kotizazio bat ezartzea dira irtenbide horiek. Ekonomista gehiago dago horrela egitearen alde, baina ez askogatik. Beste finantzaketa modu batzuen inguruan handiagoa da kontsentsua haiek alboratzeko: egungo zergak igotzea, erretiroa atzeratzea eta pentsioen saria gutxitzea.

Pentsio sistemaren transferentzia EAEra ekartzea %51k babesten dute, sistemaren iraunkortasuna bermatzeko irtenbide gisa. Euskal pentsio sistema bat bideragarri jotzen dutenak %57 dira. 30 urtetik beharako ekonomisten %90ek bideragarri ikusten dute sistema propio bat garatzea. 60 urtetik gorakoen artean, berriz, %37k jotzen dute egingarri sistema berri hori.

Lurraldeen artean ere, badaude alde batzuk euskal pentsio sistemaren bideragarritasuna mahai gainean jartzen denean. Gipuzkoako ekonomisten %66k sistema berria babesten dute; Bizkaikoen %56k eta Arabakoen %48k ere babesten dute formula hori.

Egoera ekonomikoa

Ekonometroaren emaitzekin jarraituz, euskal ekonomisten erdiek uste dute aurten egoera ekonomikoa hobetu egingo dela; soilik erantzunen %9 izan dira egoera okertu egingo dela esateko.

Euskal lehiakortasunean eragiten ari diren aldagaiei buruz galdetu zaienean, honako hauek aipatu dituzte: ikerketa eta garapena, formakuntza, soldata kostuak eta energiaren prezioa. Finantzaketa iturriak zerrenda horretatik atera dira.

Gaur-gaurko beste gai bati buruz ere galdetu diete euskal ekonomistei: euskal konpainien parte hartzeaz multinazionaletan; Siemensek Gamesa erostea da kasurik nabarmenena atal horretan. Hamarretik bederatzik uste dute onuragarria dela parte hartze hori, baita merkatu berrietara zabaltzea ere, baina %79k ñabartu dute parte hartze horiek kaltegarriak izango direla estrategikoki euskal enpresentzat eta haien hornitzaileentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.