FUTBOLA

Osasunaren auzian hemezortzi lagun inputatzeko zantzuak topatu ditu epaileak

Epaileak amaitutzat jo du intsrukzio fasea, Nafarroako Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez.

Osasunaren eta Betisen arteko partida bat, 2014an. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2017ko otsailaren 16a
07:47
Entzun

Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epailearen arabera, Osasunaren kontuetatik 2,2 milioi euro atera zituzten azalpenik gabe 2012 eta 2014 bitartean, orduan presidente Miguel Artxanko zela. Ikertuetako hamaikaren kasuan, tartean Petar Vasiljevic egungo entrenatzailea eta Patxi Puñal jokalari ohia, epaileak artxibatu egin du horien aurkako auzia.

Instrukzio fasea amaituta, epaileak uste du zantzuak daudela hemezortzi lagun epaitzeko. Bidegabeko jabetzea, dokumentuak eta kontuak faltsutzea eta kirol ustelkeria leporatu die, besteak beste. Helegitea aurkezteko aukera dute ikertuek, eta epaileak hogei eguneko epea eman die fiskalari eta akusazioei —Osasunari eta LFP Espainiako Futbol Liga Profesionalari— akusazio idatziak aurkez ditzaten.

Betis-Valladolid, Espanyol-Osasuna eta Osasuna-Betis partidetan iruzur egitea egotzita, epaileak 29 lagun inputatu ditu guztira, tartean Osasunako azken bi presidenteak, Kudeaketa Batzordeko kide izandako hainbat lagun, kudeatzaile ohia, zuzendaritzetako hainbat kide, klubeko hainbat langile eta hainbat futbolari eta futbolari ohi.

2015eko ekainaren 17an azaleratu zen Osasuna auziaren zati handi bat. Epaileak ondorioztatu zuen 2013-2014ko denboraldian diru ugari partidak erosteko baliatu zutela. Ikerketa lerro horren arabera, 250.000 euro ordaindu zizkieten Espanyoleko jokalariei, Osasunaren aurkako partida berdintzearen truke, eta 650.000 euro Betisekoei, bi zatitan banatuta; 400.000 euro Valladolidi irabazteagatik, eta 250.000 euro Osasunaren aurka galtzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.