Bihar BERRIA-n

Emozio desatseginak apaltzeko ezintasuna

Geroz eta ohikoagoa da psikofarmakoen laguntza bilatzea, urduritasunari, antsietateari, tristurari edota beldurrari aurre egiteko. Adituen esanetan, kasu batzuetan oso baliagarriak eta beharrezkoak izaten diren arren, egokien ez direnetan ere egiten da haien aldeko hautua. Emozioak bideratzeko baliabide gabezia sumatu dute horren atzean.

ainara arratibel gascon
2017ko martxoaren 3a
11:12
Entzun

Azken urteetan gora egin du herritarren artean lasaigarrien kontsumoak, eta horixe izango du aztergai bihar Bizigiro gehigarriak. Igoera horrek kezka eragin du adituen artean, eta arrazoiak aztertzen eta azaltzen saiatzen dira. Arrazoiak askotarikoak dira, baina egungo gizarte eredua eta norberak emozioak eta bizipenak bideratzeko dituen zailtasunak aipatu dituzte adituek horien arrazoi nagusi gisa. Horren aurrean, eguneroko bizipen eta emozioak bideratzeko eta kudeatzeko gabeziak ikusten dituzte, eta horiek ikasteko beharraz ohartarazi dute. Hezkuntza emozionala eta lasaitze teknikak nabarmendu dituzte horien artean. Hala azaldu dute, behintzat, Xabier Lertxundi Osakidetzako psikiatrak, Mertxe Arratibel mindfulness irakasleak eta Leticia Garces pedagogoak.

Udari begira, kirola egiten hasi da azken asteetan jendea, eta ohikoa da giharretako mina izatea. Baina zer da zehazki? Nola saihestu daiteke? Zer egin edukiz gero? Horren inguruko azalpenak eman ditu Joseba Barron kirol medikuak.

Elikadura atalean, Muxikako (Bizkaia) Remenetxe jatetxeko sommelier Jon Andoni Rementeriari egindako elkarrizketa irakurri ahalko da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sommelier onena izendatu berri dute Rementeria.

Horrez gain, ohiko atalak izango ditu Bizigiro sailak. Asteburuko proposamenen atalean, igandean Donostian korrituko den Lilatoia izango da gai nagusia. Horrekin batera, beste hainbat ekintza ere badira asteburuan: Berako Hazien Eguna, Txingudiko Garagardo Artisauaren Azoka... Horien informazioa ere agertuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.