MUSIKA

Egan, larunbatean Azpeitian

Taldearen abesti esanguratsuenak gogora ekarrita, kontzertu berezia egingo du Sanagustin kulturgunean (19:00).

Xabier Saldias. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Urola Kostako Hitza
2017ko apirilaren 20a
17:35
Entzun

Euskal Telebistak antolatu du emanaldia, eta saioa grabatu egingo dute, Urola Kostako Hitza-k jakinarazi duenez. Sarrera doan izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak. Iaz bete zituen 65 urte Xabier Saldiasek, eta, oholtza gainean kantatzeari laga eta erretiroa hartuko zuela iragarri zuen arren, kontzertu bakan batzuk eskaintzen jarraitzen du oraindik ere: "Okasio bereziren bat bada, eta Eganen kantak entzuteko malenkonia badute baten batzuek, prest gaude pare bat orduko kontzertua eskaintzeko, aurrez prestatutako eta guk nahi dugun errepertorioarekin. Oraindik ere herri askotatik deitzen digute, baina gure agente komertzialari esana diogu ez gaudela erromerietarako. Taldeko gainontzeko kideek beren lana dute, eta guztia uztartzea zaila da askotan".

Taldearen abesti esanguratsuenak entzuteko parada izango dute Sanagustinera bertaratzen direnek, besteak beste: Han Azpeitin, Hemen gaude gu, Lo ez Mexikon, Loiolan, ja! Ja!, Mexiko, Maitasun hitzak… Saldiasek aurreratu du taldekide izan zuen Gonzalo Pelaez “goraipatu” nahi duela zapatuko emanaldian, eta, horretarako, Pelaezen bi abesti kantatuko ditu: Esan nizun maite zaitut eta Eutsi lagun. Horiez gain, beste hainbat ere kantatuko dituztela aurreratu du: “Pirritx eta Porrotx pailazoek Eganentzat egindako Ttirriki ttarraka, esaterako. Nire alaba ere oholtzan izango da, eta elkarrekin pare bat abesti kantatuko ditugu: bera jaio zenean Xabier Euzkitzek hitzak egin zizkion, eta abesti hura ekarriko dugu batetik, eta Frank Sinatrak bere alabarekin kantatzen zuena, bestetik”.

Euskal Telebistak antolatu du emanaldia, eta saioa grabatu egingo dute. Sarrera doan izango da, baina aurrez eskuratu behar dira gonbidapenak www.kulturaz.eus atarian edo Sanagustin kulturgunera joanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.