Frantziako presidentetzarako bozak

Macron eta Le Pen lehiatuko dira bigarren itzulian

Botoen %97 zenbatuta, aurretik da Emmanuel Macron, botoen %23,86 eskuratuta, eta bigarren tokian Marine Le Pen ,%21,43rekin; hirugarren tokian legoke Fillon, %19,94rekin. "Harro" agertu da Macron lortutakoarekin.

Macron eta Le Pen. YOAN VALAT, IAN LANGSDOM, EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2017ko apirilaren 24a
07:23
Entzun

Inkesten emaitzak bete dira Frantziako presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian. Emmanuel Macronen eta Marine Le Penen artean hautatu beharko dute hautesleek. Martxan mugimenduko hautagaiak bozen %23,86 eskuratu ditu, eta Fronte Nazionalekoak, %21,43. Beren gibeletetik iritsi dira François Fillon (%19,94) eta Jean Luc Melenchon (19,62). Benoit Hamonek PSk aspaldi lortu ez zuen emaitzarik apalena lortu du. Frantziako V. errepublikaren historian lehen aldiz, eskuineko eta ezkerreko alderdi nagusiak —Errepublikanoak eta Alderdi Sozialista— presidentetza hauteskundeetako bigarren itzulitik kanpo gelditu dira.

"Harro" agertu da Macron bere zaleen aurrean. "Ohorea eta erantzukizuna neurtzen ditut. Urte bakarrean, Frantziako bizi politikoaren aurpegia aldatu dugu". Bigarrean itzulian, eskuin muturraren aurren bere alde egitera deitu du. "Zuen izenean, baikortasunaren exigentzia eta gure herriarentzat eta Europarentzat nahi dugun esperantza eramanen ditut bigarren itzulira. Hamabost egunen buruan zuen presidentea izan nahi dut". 

Garaipena lortu izan balu bezala agertu da Le Pen, irribarretsu. "Emaitza historikoa da, ardura handia dut frantziar nazioa defendatzeko". Frantziarrek bi aukera dituztela azaldu du: "Merkatuen deserregulatzea, mugak deuseztatzea, immigrazio masiboa, terrorismoa... Ala Frantzia".  Frantziar herria "eliteengandik askatzeko" tenorea iritsi da, FNko buruaren hitzetan. "Herriaren hautagaia naiz. Patriotei dei egiten diet nirekin batzeko, herriaren interesen alde. Frantziaren iraupena dago jokoan".

Ohikoa den gisan, lehiatik kanpo gelditu diren hautagaiek bigarren itzulirako kontsignak eman dituzte. Fillon eta Hamonek, beren porrota onartu, eta Macron sostengatzera deitu dute. "Kanpaina honetan jarri dizkidaten oztopoak handiegiak izan dira. Momentu batean, hauteskunde hauen inguruko egia guzia jakinen da. Nirea da porrota, onartzen dut", adierazi du Fillonek. Legebiltzarreko bozetan eskuinaren eta zentroaren alde egitera deitu du. Porrota onartuz atera da Hamon ere prentsaren eta militanteen aitzinera: "Huts egin dut. Ez naiz azken bost urteetako agintaldiaren atzean gordeko. Alderdi Sozialistari eman diozuen zigorra onartzen dut". Hurrengo erronka mugimendu berri bat birsortzea izanen dela adierazi du. Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak ere Macron bozkatzera deitu du, eskuin muturra "oztopatzeko".

Frantzia insumituko Jean Luc Melenchon hautagai zurbil agertu da, emaitza ofizialak agertu arte itxaron behar dela adierazita. "Zuetako bakoitzak daki zein den bere eginbeharra. Ez dut mandaturik izan, Frantzia Intsumisoa mugimendua osatzeko babestu nauten 450.000 herritarrengandik geroari begira erabaki bat hartzeko. Gure interneteko plataforman hitza hartuko dute eta beren erabakia publiko eginen dugu", adierazi du. NPAko Philippe Poutouk ere ez du bozka kontsignarik eman nahi izan: "Macron ez da Fronte Nazionalaren kontrako harresi bat; arrisku hori behin betiko baztertzeko, ez dugu beste aukerarik karrikara atera, eta eskuin muturraren kontra eta Macron bezala lorpen sozialak eraitsi dituztenen kontra borrokatzea baino".

Istiluak Parisen eta Nantesen

Mugimendu autonomoak deituta, elkarretaratzeak antolatu dituzte frantziar estatuko 13 gune ezberdinetan, Barrikada Gaua leloarekin. Parisen Bastilla plazan poliziaren eta ehunka manifestariren artean istiluak egon dira, baina, protestara joan dira herritar anitz inguratu ditu poliziak. Inguruko karriketara zabaldu dira istiluak, eta Frantziako hiriburuko gune andanan iraun dute. Bretainiako Nantesen eta Rennesen ere egon dira enfrentamenduak. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.