Kultura

Viana Printzea saria, Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoentzat

Dantza garaikidea lantzen eta irakasten erreferente izan direlako saritu ditu Nafarroako Kultura Kontseiluak. Lehenengoz, bikote batek jasoko du Vianako Printzea saria.

Concha Martinez eta Jose Lainezen artxiboko irudia. NAFARROAKO GOBERNUA
Naiara Elola.
2017ko apirilaren 28a
15:09
Entzun

Aitzindari izan dira Lainez eta Martinez Nafarroako dantza garaikidean. Jaiotzez donostiarrak diren arren, euren ibilbide profesionala Nafarroan garatu dute nagusiki. Ikuspuntu artistikoa aintzat hartuta, gorputza eta espazioaren inguruan hausnartzen lehenetarikoak izan ziren. Dantza garaikideko dantzari eta sortzaile askorentzat erreferente direla jakinarazi du Ana Herrera Kultura kontseilariak.

Lehen aldia da Vianako Printzea saria bikote bati emango zaiona. Nafarroako Kultura Kontseiluak orain arte, kulturari eragileek bakarka egindako ekarpenak saritu izan du. Aurten, aldiz, Herrerak nabarmendu duenez, batez ere talde lanean egindako ekarpenagatik jasoko dute aitortza.

Dantzan jiraka eta bueltaka

Jose Lainez eta Concha Martinez gazte joan ziren Donostiatik dantza ikastera. 16 urte besterik ez zituztela, Amsterdamera (Herbehereak) joan ziren, eta Het Nationale Ballet konpainian dantzatu zuten bost urtez. 1970ean Donostiara itzuli ziren, eta Anexa, beren lehen dantza garaikideko konpainia, sortu zuten. Proposamen berritzaileak, urratzaileak eta abangoardistak egitea lortu zuten euren ikuskizunen bidez. 1973an Bartzelonara (Katalunia) joan ziren, eta hilabete luzez Capsa antzokian aritu ziren lanean. Gainera, denbora batez, Lainez Kataluniako Departament de Dansa Contemporaniako koordinatzailea izan zen.

1980an, Bartzelonako egonaldiaren ondoren, Iruñeko Pablo Sarasate musika kontserbatorioko dantza saileko zuzendari izendatu zituzten; Yauzkari dantza garaikideko konpainia sortu zuten. Europa zeharkatu zuten konpainia horrekin garatutako ikuskizunekin. Gainera, hainbat sari erdietsi zituzten, ordu arte balletarekin soilik erlazionatzen ziren musikekin egindako koreografiei esker. 2010ean Gaiarre antzokian estreinatu zuten Becket 5 ikuskizuna da  bi koreografo sarituen azken sorkuntza.

Herrerak iragarri duenez, Vianako Printzea saria emateko ekitaldia, heldu den maiatzaren 27an egingo dute, Erriberriko gazteluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.