Sindikalismoa

Garbiñe Aranburu aukeratu dute LABeko idazkari nagusi, botoen %91,5 lortuta

LAB sindikatua IX. biltzar nagusia egiten ari da Gasteizen. Afiliazio galerari buelta eman, eta azken bi urteotan berriro gora egin duela azpimarratu dute, 40.500 kide izateraino.

LABen IX. biltzar nagusia. Garbiñe Aranburuk ordezkatuko du Ainhoa Etxaide idazkari nagusi karguan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2017ko maiatzaren 25a
07:33
Entzun

LAB 4.0 Gure garaia leloarekin ari da egiten LAB sindikatua bere IX. biltzarra, gaur eta bihar, Gasteizko Europa jauregian. 2012an Barañainen (Nafarroa) egin zen batzarretik hona egindako bidearen berri eman du Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak. Antolakuntzari dagokionez, balantzea "ona" dela adierazi du Etxaidek. "Indartsuak garen lekuetan indartsuagoak gara, ekintza sindikalari esker, baina ahulak garen lekuetan ere ari gara pixkanaka geure burua indartzen", azpimarratu du.

500 batzarkide bildu dira, eta balantzea "aho batez" onartu dela jakinarazi du sindikatuak. Arratsaldean Nazio Komiterako aurkeztu zen hautagaitza bakarra bozkatu dute. Garbiñe Aranburu buru duen zerrendak botoen %91,5 lortu ditu. Txosten politiko sindikalak "babes oso zabala" lortu du, halaber.

Sindikatuaren erradiografia zabala aurkeztu du idazkari nagusiak. Gaur egun, LABek 40.500 afiliatu baino gehiago ditu. Krisiari jarraituz 2012an izandako galerari buelta eman zaiola jakinarazi du, eta azken bi urteetan "hilabetero" gora egiten ari direla. Afiliazio horren izaera ere azaldu du. Gaur egun, sindikatuko kideen %58 gizonak dira, eta %42 emakumeak, eta zuzendaritzan parekidetasunaren alde egindako apustua afiliazioan ere islatu dela uste du idazkari nagusiak.

Hego Euskal Herrian ordezkaritzaren %18 dauka gaur egun LABek. Sektore guztietan igotzea lortu du, baita erakundeak presentzia txikiena duen eremuan ere, zerbitzu pribatuetan. Gipuzkoan eta industrian indarguneak zituen sindikatua izatetik harago egin duela defendatu du Etxaidek. Afiliazioari dagokionez, hiru heren antzekoetan banatzen da erakundea: industria, zerbitzu publikoak eta zerbitzu pribatuak.

400 laguneko "armada indartsua"

Gastuaren %90 finantzaketa propioaren bidez ordaintzen du LABek, gaur egun. Hala izanik, egitura gastu guztia bere kabuz ordaintzeko gai da. Azken bost urteotan mailegurik ez du eskatu, eta zorpetzea gehiago murriztea lortu du, bankuekiko dependentzia mugatzeko. Gaur egun, 400 lagun ari dira sindikatuarentzat lanean, "armada indartsu bat", idazkari nagusiaren hitzetan.

Ibilbideari buruzko argibideak ere eman ditu Etxaidek. Orain dela bost urte, krisiari irtenbide propio eta demokratiko bat emateko apustua egin zuen LABek. Patronalarekin aurrera egitea ezinezkoa izan dela salatu du. Bide hori agortuta, bestelako aliantzak bilatu ditu sindikatuak, eta horretan Karta Sozialaren bidea goraipatu du. "Burujabetza ariketa bat da, burujabetza prozesu baterako tresna bat", haren ustez. Izan ere, euskal estatu bat lortzeko bidean, burujabetza prozesua azkartzea da LABen helburuetako bat datozen urteetarako. Krisi dela eta, garai berri batean langile borroka antolatzen ahalegindu da sindikatu abertzalea, eta ikuspegi horretan urrats bat harago egiteko eskatu du. "Garai berri baterako langile borroka egitea dagokigu orain".

Azken orduak dira Etxaiderentzat idazkari nagusiaren karguan. Bihartik aurrera, Garbiñe Aranburuk hartuko du sindikatuaren lema. Bi kide gogoratu ditu Etxaidek hitzaldiaren amaieran. Alde batetik, Igor Urrutikoetxea, auto istripu batean hil zen zuzendaritzako kidea —aretoak txalo artean hatu du haren aipamena—. Bestetik, zuzendaritzan bigarren izan duen Jabi Garnika. "Zuek idazkari nagusiaren alboko bat aukeratu zenuten. Nik, lagun bat izan dut", esan du Etxaidek.

Rafa Diezen agurra

Hutsune bat dago biltzarrean. Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohi eta buruzagi historikoak espetxean segitzen du, Bateragune auzian jarri zioten zigorra dela eta. El Duesoko kartzelatik idatzitako mezu bat irakurri du haren semeak, Naike Diezek. Sindikatu soziopolitikoa izateko erabakian "asmatu" zutela ziurtatu du Diezek. "Beti esan dugu klase borroka ez zela amaitzen lantokiaren hormetan". Egoera politikoari buruz ere gogoeta laburra egin du. Aldaketa politiko eta sozialaren alde "indar asko" batzea posible ikusten du, baina indar horiek "oso sakabanatuta" daudela iruditzen zaio. "Palanka berriak behar ditugu ilusio kolektiboari bideak irekitzeko", ohartarazi du, eta euskal langileriaren konfiantza handitzeko pausoak eskatu ditu, aldaketaren "beldurra gal dezan".

Euskal Herriko eta kanpoko sindikatu eta erakunde ugari batu dira biltzarrera. ELA, Steilas, ESK, eta EHNE sindikatuak, Sortu, Ernai eta Bilgune Feminista, Euskal Herrikoen artean. Kanpotik ere 32 sindikaturen ordezkariak daude. Italia, Grezia, Eskozia, Portugal, Eskozia, Bretainia, Galizia, Turkia, Argentina, Katalunia edo Palestinako sindikatuetako kideak egongo dira Gasteizen, beste batzuen artean. Haien izenean hitza hartu du Milagro de la Caridad Perez Caballero Kubako CTC sindikatuko ordezkariak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.