1990eko maiatzaren 17an OME Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasunen zerrendatik kendu zuen, eta, ondorioz, data hori Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Egun izendatzea eskatzen dute mundu osoan hainbat elkarte eta erakundek.
Eusko Legebiltzarrak bat egin du eskaera horrekin, eta erakundeko lehendakaritzak berak bultzatutako deklarazioa irakurri du bilkura hasi aurretik Izaskun Bilbao presidenteak. Hala, NBEri maiatzaren 17a Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Egun izendatzeko eskatzeaz gain, elkartasuna adierazi die beren aukera sexual edo identitarioaren ondorioz bazterketa eta eskubideen urraketa jasaten duten milioika lagunei.
Herritar guztiei eta, bereziki instituzioei, dei egin die homofobiaren eta transfobiaren kontrako jarrerak bultza ditzaten.
Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.
Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.
Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.