ERCk baztertu egin du zerrenda bateratua

Programa bera defendituko duen fronte koordinatu baten alde egingo dute errepublikanoek, baina bakoitzak bere zerrenda edukita, akordioa lortzea ezinezko jo baitu. PSCk eta Unio-ko kide ohi batzuek bai, horiek egin dute akordioa. CUPek, berriz, lau aukera ditu mahai gainean.

Sergi Sabria ERCko bozeramailea, joan den urriaren 30ean, prentsaurreko batean. MARTA PEREZ, EFE
mikel p ansa
2017ko azaroaren 7a
23:32
Entzun

Ezinezkoa da zerrenda benetan bateratu bat lortzea". Hitz horiekin baztertu du Sergi Sabria ERCko bozeramaileak abenduaren 21eko hauteskundeetarako zerrenda bakarraren aukera subiranistentzat. Carles Puigdemontek, PDECatek eta ANCk berak ere bide hori sarri aldarrikatu dute azken egunotan, baina modurik ez du ikusten ERCk.

Sabriak zehazki aipatu du PDECatekin hasi eta CUPeraino doan espektro guztia hartuko duen zerrenda bateratua lortzea ezinezko jo du ERCk, nahiz eta horretan ahalegindu direla azpimarratu duen: "Horren alde egin dugu guk, estatuari eraso sendo bat eman behar zaiola uste dugulako, baina ematen du ez dela posible, alde guztiek ez dutelako nahi".

Hortaz, programa bera defendituko duen fronte baten alde egingo dute orain, baina jakinda alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztuko dela, zerrenda bereizietan. "Junts Pel Si txiki gelditu da, eta, beraz, CUP gehitzea ezinezkoa baldin bada, aukera onena zerrenda bereiziak koordinatzea da".

Fronte horrek "erabateko koordinazioa" eskatuko duela erantsi du Sabriak, eta programak guztiek argi defenditzea "instituzioen defentsa, espetxeratuen amnistia eta Errepublika".

CUPek lau aukera ditu mahaiaren gainean

CUPek ez du jakinarazi oraindik zer jarrera hartuko duen, igande honetan erabakitzeko asmoa baitu. 3.000 militante inguru elkartuko ditu, batzar nazionalean. Alderdiko diputatuek eta idazkaritza nazionalak dokumentu bat prestatu dute, militanteek horren gainean eztabaidatu eta erabakitzeko. Gaur jakin da lau aukera ari direla aztertzen.

Lehenik eta behin, hauteskundeetara aurkeztea edo ez aurkeztea erabakiko dute, ez baitute baztertzen abenduaren 21eko hauteskundeei intsumisioa egiteko aukera. Aurkeztea erabakiko balute, hiru aukera aztertuko lituzkete: gaur egun CUP- Crida Constituent eredua errepikatzea, Kataluniako Parlamentuko azkeneko bozetan egin zutena; ezkerreko fronte baterako akordio politiko bat bilatzea; edo alderdietatik aparteko zerrenda bat osatzea, herritarrekin.

Edonola ere, hauteskundeen legitimitatea eskas dutela uste dute CUPeko kideek, eta, edozein moduz ere, "errepublika eraikitzeko" balio behar dutela. Aurreko egunetan zabaldu da "marka zuri bat" aurkeztuko zuela astearte honetan, aukera guztiak irekita edukitzeko. Mireia Vehi parlamentariak azaldu du ez dutela beharrezko ikusi, edozein erabakiri bide emateko moduan daudelako.

PSC eta Unioko kide ohiak, elkarrekin

Aurreko hauteskundeetan 100.000 boto inguru lortu zituen Unio Democraticak, CiU zaharreko alderdietako batek, baina ez zuen lortu parlamentuan ordezkaririk, eta desegin egin zen. Alderdi hartako zenbait kide jardunean aritu dira bi urteotan, ordea, Units per Avançar plataforman. Gaur gauean jakinarazi dute PSCrekin akordio bat egin dutela.

Asteazkenean aurkeztuko dituzte xehetasunak, 12:30ean, baina aurreratu dute ez dutela koaliziorik egingo. Units per Avançar taldeko kideak PSCren zerrendetan txertatuko lirateke. Horietako bi, parlamentari ateratzeko moduko postuetan, eta besteak, zerrenda osatzeko. "Katalanismo moderatuan" egon daitekeen jende hori erakarri nahi dute akordioarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.