Albistea entzun

Durangoko Azoka

Beka bihurtuko dute Argizaiola saria, 25 urtez kultur alorrean aritu direnak saritu ostean

Durangoko Azokako protagonistetako bat izan da saria azken urteotan. Aurten, mende laurden bete da lehen Argizaiola hura eman zutela.

Iazko saridunak. /
Iazko saridunak. / Jaizki Fontaneda/Agazki Press

Berria -

2017ko azaroak 21

Urtero garaitsu honetan iragartzen dute norentzat izango den Argizaiola saria. Aurten, ordea, Omentzetik ereitera igarotzea erabaki du Gerediaga elkarteak, eta beka bihurtu dute saria. Egindako lana txalotzea helburu izan duena, beraz, lan egin ahal izateko laguntza izango da.

Kultur alorrean urte luzez aritu direnak omentzea izan du helburu Argizaiolak. 1992an sortu zenetik gaur arte idazle, historialari, erakunde eta kultur eragile ugarik jaso dute saria.

Jon Bilbaok jaso zuen lehen Argizaiola hura, euskal kulturaren alde egindako ahaleginagatik. Ondoren etorri ziren gehiago ere. Bigarren urtean, 1993an, esaterako, Bernardo Estornes Lasa Auñamendi argitaletxearen sortzailea izan zen saritua.

1994an, lehen aldiz, erakunde batek, Euskaltzaindiak, jaso zuen saria, euskal kulturaren eta hizkuntzaren alde egindako lanagatik. 1995ean, beste berrikuntza bat izan zen sarietan; izan ere, hainbat laguni eman zitzaien: Nestor Basterretxea, Koldo Larrañaga, Benito Ansola, Pio Caro Baroja, Fernando Larrukert eta Euskadiko Filmategiari.

Hemen saridun guztiak: 

1992- Jon Bilbao:

(Puerto Rico, 1914-Gasteiz, 1994). Diasporan jaio zen Jon Bilbao, baina ikasketak egitera hona etorri zen; Bilbon egin zuen batxilergoa, eta Madrilen Filosofia eta Letrak ikasi zituen. Espainiako gerra hasi zenean Puerto Ricora itzuli zen, eta handik Estatu Batuetara jo zuen. Euskal Bibliografia da haren lan nagusia —1960rako idatzia, 1968-1975 urteen artean argitaratua—, eta euskal gai guztiei buruz idatziriko lan asko eta asko bildu zituen bertan; Euskal Herriak duen bibliografiarik oparoena osatu zuen Bilbaok, 300.000 erregistroz osatutako lan erraldoia. Bestalde, 1942. urtean, Jose Antonio Agirrerekin batera, Euskal Historiaren idazkuntzan lan egin zuen, Columbiako Unibertsitateak aginduta. Joxe Miel Barandiaranekin ere lan egin zuen. 1968. urtean, Nevadan, Basque Studies Program deritzona sortu eta zuzendu zuen. Euskal Ikasketen Institutu Bibliografikoa eta Harriluze ere hark sortu zituen.

1993- Bernardo Estornes Lasa:

(Izaba, 1907-Donostia, 1999). Idazle, argitaldari, historialari eta ohorezko euskaltzaina izandakoa. Euskal Herriko historia, kultura, etnografia eta hizkuntzari buruzko ekarpen zabala utzi du idatzi dituen 83 liburuetan. Hark bultzatutako proiektu nagusienetako bat Euskal Herriko Entziklopedia Orokorra izan zen. Horrez gain, Auñamendi bilduma ere sortu zuen.

1994- Eusko Ikaskuntza / Euskaltzaindia:

- Eusko Ikaskuntza 1918. urtean sortu zen, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko aldundien eskutik. Urte horretan Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuaren emaitza da Eusko Ikaskuntza; Arturo Campion izan zen ohorezko lehendakaria, eta Julian Elorza lehendakari eragilea.

- Euskaltzaindia, 1919an sortua, euskaraz, hau da, euskal hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala da. Mintzaira horri buruzko ikerlanak egiten ditu, hizkuntza babestea du helburu, eta Euskaltzaindiak eman ohi ditu hizkuntzaren normalizaziorako arauak.

1995- Euskadiko Filmoteka: Koldo Larrañaga, Benito Ansola, Pio Caro Baroja, Fernando Larrukert eta Nestor Basterretxea:

Euskal zinema saritzeko helburuarekin aukeratu zituzten lau zinemagile eta Euskadiko Filmoteka 1995eko Argizaiola sarirako.

- Euskadiko Filmoteka 1978. urtean sortu zen, euskal zinemari buruzko ikerketa berreskuratzea, artxibo lana eta kontserbazioa helburu zituela.

- Koldo Larrañagak, Enrique Calvorekin batera, Lo vasco en el cine liburua argitaratu zuen.

- Nestor Basterretxeak eta Fernando Larrukertek 1968an Ama Lur filma sortu zuten, eta euskarazko hitzak lehen aldiz filmatu zituzten. Euskal kulturaren eta ohituren gaineko filma da.

- Benito Ansola euskal zinemagintzaren bultzatzailea izan da. Markinako Lanbide Eskolan zinemagintzan irakasle ibilia da, eta 1978. urtean Lekeitioko Zinema eta Bideo Bilera sortu zuen.

- Pio Caro Barojak 38 dokumental egin zituen 1958 eta 1982 bitartean.

1996- Antonio Zabala Etxeberria:

(Tolosa, 1928- Xabier, 2009). Euskaltzaina izan zen 1964tik, eta 1954an bertsoak biltzeari ekin zion; 1961ean Auspoa argitaletxea sortu zuen, horien berri emateko. Herri literaturaren klasikoak ere jaso zituen bertan. Zabalak lan mardula egin zuen jendearen oroimenean gordeta egon diren bestelako antzezlan zein bertsoak batzeko.

1997- Bittor Kapanaga:

(Otxandio, 1925- Gasteiz, 2011). Euskaltzale eta euskal idazlea izan zen, eta Eibarko gerraosteko euskal mugimendua sortu zuen 1952 inguruan, beste zenbait euskaltzalerekin batera. 1953an Euzko Gogoa aldizkarian idazten hasi zen, eta, gero, Zeruko Argia-n eta beste hainbat argitalpenetan. Hizkuntzaz gainera, euskal mitologiaz ere idatzi zuen.

1998- Juan Jose Agirre:

(Alegia, 1930). Beneditarra da, Lazkaoko Beneditarren Monasterioko bibliotekaria, eta Lazkaoko Beneditarren Fundazioko zuzendaria. Agirrek azken berrogei urtean Euskal Herrian edo Euskal Herriari buruz argitaratutako liburu, aldizkari, kartel, panfleto eta abarren bilduma itzela bildu du, ikertzaileen esku jartzeko helburuarekin. Aitzindaria izan da lan horretan. Bibliotekonomia ikasketak 1973an amaitu zituen Bartzelonan, eta Lazkaoko beneditarren komentura itzuli zen. Haren lanik nabarmenetakoa frankismo sasoiko euskal argitalpen klandestinoekin egindako bilketa izan da.

1999- Jose Maria Jimeno Jurio:

(Artaxoa, 1927- Iruñea, 2002). Historialari eta etnografo nafarra izan zen; Nafarroako historia, ohiturak, hizkuntzak, tradizioak eta toponimia ikertuta, liburu andana argitaratu zuen. Euskaltzain ohorezkoa izendatu zuten 1991n. Argizaiola saria jaso aurretik, Sabino Arana Fundazioak saria eman zion 1997an, eta Manuel Lekuona saria jaso zuen 1998an. Iruñeko San Pedro liburutegiko zuzendari zela Iruñerriko toponimia batzeko lanari ekin zion, eta 1991n Nafarroara zabaldu zuen lana. Hainbat liburu eta artikulu argitaratu ditu euskararen historiaren gainean. Eusko Ikaskuntzaren Nafarroako lehendakariorde ohia ere izan zen, eta Ateneo nafarraren bazkide sortzailea.

2000- Klaus F. A. Niebe:

(Berlin, 1937). 1960an gaztelaniaz ikasten hasi zen, eta Gernikara etorri zen. 1975az geroztik Gernika udako txoko bihurtu zuen. Euskara ere ikasi zuen, eta Koloniako etxean euskal liburutegia eta argazki artxibategia sortu zituen. Besteak beste, Euskal Herriko Adiskideen Elkarteko Buletineko eta Euskara aldizkariko kolaboratzaile izan zen.

2001- Juan San Martin:

(Eibar, 1922- Hondarribia, 2005). Euskal idazlea, arkeologoa, etnografoa eta mendizalea, arartekoa eta euskaltzaina ere izan zen San Martin. Espainiako gerra garaian erbestera joan behar izan zuen. Anaitasun eta Euzko Gogoa aldizkarietan artikuluak argitaratzen hasi zen 1950eko hamarkadan, eta 1959an kaleratu zuen lehen liburua: Juan Antonio Mogel. Bere bizitza ta lanak. Poemak idazteko Otsalar ezizena erabili zuen, eta 1960ko hamarkadan erreferentzia bihurtu zen. 1964an euskaltzain oso izendatu zuten. Egan aldizkariko zuzendari izan zen 1983tik 1989ra. 1989an aukeratu zuten Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko. 2006an Eibarko seme kutun izendatu zuten.

2002- Labayru ikastegia:

Labayru Ikastegia Bilboko Elizbarrutiko fundazio kanonikoa da, eta ekimen pribatuz sortu zen, 1977an. Helburuen artean "Euskal Kulturaren berariazko balioak aintzat hartu eta eurei aurrera eragitea" azpimarratzen dute. Estanislao J. de Labayruren (Filipinak, 1845 - Bilbo, 1904) izena eman zitzaion ikastegiari, abade eta historialaria izan zena gogoratzeko. Labayruk Historia General del Señorío de Bizkaia lana idatzi zuen.

2003- Gerardo Bujanda:

(Donostia, 1919). Politikari jeltzale ohia. 1960an Loiola Irratia sortu zuen beste hainbat lagunekin batera. 1965ean, Radio Euzkadi Venezuelatik emititzen zenean, berriemaile aritu zen, Juan de Igeldo ezizenarekin. EAJ alderdian aritu zen, eta 1977ko hauteskundeetan Madrilgo Kongresurako Gipuzkoako hautagaia izan zen.

2004- Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi:

(Donostia, 1929-2012). Hizkuntzalari, idazle, pentsalari eta irakaslea izan zen, besteak beste. Euskararen autodidakta, gazte mugimendu abertzaleko kide, Iparraldean iheslari... euskara eta Euskal Herria bere bizitzaren eta lanen ardatz izan zituen. Euskara batuaren aldeko lan handia egin zuen, eta hainbat eleberri idatzi zituen, tartean Leturiaren egunkari ezkutua. Haren lana funtsezkoa izan da euskal eleberri modernoaren sorreran. Europako mugimendu existentzialistarekin lotu zuen euskal literatura. Txillardegi, Igara, Usako eta Larresoro izengoitiak erabili zituen idazlanetan.

2005- Gotzon Garate:

(Elgoibar, 1934- Bilbo, 2008). Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Filosofian doktoratu zen, Innsbruckeko Unibertsitatean Teologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, eta Fribourgeko Unibertsitatean Marxismoan espezializatu zen. 1976an Euskal Filologiako ikasketak abiarazi zituen Deustuko Unibertsitatean, hura izanik ikasketok abian jartzeko lehen saioa unibertsitate batean. Euskal Filologiako katedraduna izan zen, eta eskolak eman zituen. Euskal gaien inguruan makina bat idazlan eta iritzi artikulu idatzi zituen. Polizia nobelak, ipuinak, bidaia kronikak... egindako lana beti euskaraz egin zuen. Euskal atsotitzak eta esamoldeak batzen ere lan handia egin zuen.

2006- Jakin aldizkaria:

Euskara eta kultura uztartzea izan da beti Jakin aldizkariko lantaldearen kezka, eta euskara edozein gairen gainean hausnarketa egiteko tresna izatea ere bilatu dute. Arantzazuko frantziskotarrenean, 1956. urtean, ikasle talde batek sortu zuen. Diktadura garaian ateak itxiak zituen, debekuak tarteko, eta, hamar urteko isilaldiaren ostean, 1977an berriz kaleratu zen. Aldizkariaz harago, liburugintzan Jakin irakurgaiak nabarmendu daitezke, eta azpimarratzekoa da lan bibliografikoa ere, XX. mendeko liburuen katalogoarekin. Joan Mari Torrealdai izan da aldizkariko zuzendari, eta gaur egun Lorea Agirrek zuzentzen du.

2007- Maiatz aldizkaria:

1982. urtean argitaratu zen Maiatz literatura aldizkariaren lehen zenbakia. Iparraldeko idazle berriak biltzea eta haiei laguntzea izan zen sorreraren helburu nagusietako bat, eta, horrekin batera, euskararen berritzea eta gaurkotzea, batuaren bidean hainbat euskalkiren ahozko literatura aberatsaren baliabideak sartzea, Euskal Herri osoko pizkundean partaide izatea eta gai berriak jorratuz irudi gazte eta garaikidearen ematea. Argizaiola saria Luzien Etxezaharreta zuzendariak jaso zuen.

2008- Juan Zelaia:

(Oñati, 1920-2016). Enpresa gizona da, baina interes berezia erakutsi du beti kulturaren munduaz. Ekimen askoren sustatzailea eta laguntzailea izan da: ikastolak bultzatu ditu, 1974an Everestera egin zen Tximist espedizioan lagundu zuen, Euskal Fundazioaren sortzaileetako bat izan da, eta bere izena daraman saiakera saria babesten du.

2009- Izaskun Arrue (Araba), Libe Goñi (Iparraldea), Izaskun Gastesi (Nafarroa), Karmele Esnal (Gipuzkoa) eta Begoña Aranguren (Bizkaia):

Euskaraz irakasten hasi ziren lehenbiziko ikastoletako andereñoen izenean jaso zuten saria. Hasierako andereñoen kemena eta guraso askoren ekina eta esfortzua funtsezkoak izan ziren euskalduntze prozesuaren hasieran.

2010- Imanol Urbieta:

(Zarautz, 1934-2016). Musikari eta idazlea da, eta umeentzako musika egin du bere ibilbide guztian; haren kantuetako asko herri kantu bilakatu dira, hala nola Txoria nintzela eta John Brown. Xirula Mirularen sortzailea ere bada. Hezkuntza munduan ere, kantuen bitartez, irakasteko eredu bat sortu du Urbietak.

2011- Iñaki Beobide Agirrezabalaga:

(Zumaia, 1934) Herri Gogoa diskoetxearen sortzaileetako bat izan zen, eta Euskal Kantagintza Berriaren hainbat disko grabatu zituen Donostiako estudioan. Jarrai antzerki taldean atzerriko antzerkigileen obrak euskaratu eta taularatu zituen, eta Ikuska liburu saila sortu zuen. ETBren sorreran ere parte hartu zuen.

2012- Benito Lertxundi:

(Orio, 1942) Orioko bardoa txikitatik ibili da musikagintzan, eta 1960ko hamarkadatik hona erreferente izan da euskal musikaren sorkuntza eta kulturgintzan. Ez Dok Amairuko kide izan zen, eta kantautore belaunaldi bateko kide ezagunenen artean dago. Hainbat euskal eragilerekin lankidetzan aritu da Lertxundi, hala nola Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Nestor Basterretxearekin. Durangoko Azokan bigarren ediziotik egon da presente.

2013- William A. Douglass:

(Reno, 1939) Izatez antropologoa da, eta Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldeko euskal immigrazioaren aditurik garrantzitsuenetarikoa ere bada Douglass. Renoko Basque Studies Program-en sortzailea izan zen, eta hiru hamarkadaz hango zuzendari jardun zuen, 2000. urtean erretiroa hartu zuen arte. Ikerlari gisa aritu da bereziki, eta AEBetan euskal kulturaren aditu nagusitzat jotzeaz gain, bestelako arloak ere ikertu ditu: identitatea mantentzearen auzia eta nazioarteko hainbat kulturaren historia eta migrazio mugimenduak, batez ere Euskal Herrian, Italian eta Ameriketako Estatu Batuetan. 1963an Euskal Herrira bizitzera etorri zen, Etxalarrera lehenengo, eta ondoren Aulestira. Baserritarrekin hartu-emanean izan zen, eta Julio Caro Baroja, Xabier Amuriza eta Emilio Kortabitarte erretorearen adiskide bihurtu zen, besteak beste. 1967an Gizarte Antropologiako doktoretza lortu zuen Chicagoko unibertsitatean. Hogei liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta 100 artikulu inguru. Jon Bilbao Argizaiola saridunarekin Amerikanuak, Basques in the New World argitaratu zuen 1979an.

2014- Anuntxi Arana:

(Luiaondo, 1947) Iparraldean errotutako arabarra da Arana. Frantses filologian lizentziaduna da, eta AEK-ko irakasle izan da Baionan; horrekin batera, EHEko kidea eta bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministan ibilitakoa da. Gaur egun, Angelun bizi da. Euskal mitologia ardatz, antropologian egin ditu bere lan idatziak. Haren lan aipagarrien artean honako hauek daude: Orozko haraneko kondaira mitikoak: bilduma eta azterketa (1998) doktorego tesia, Mito hurbilak: euskal mitologia jendeen bizitzan (2000), Mitoen bilakatzea (Akaberak eta iraupena) (2004) eta Euskal mitologiaz: jentilak eta kristauak (2008). Ipar Euskal Herrian euskaraz defendatu zen lehenengo tesia izan zen. Baina Aranak berak zehazten du Jasone Salaberriaren tesia ere, berearekin batera, garai berean defendatu zela.

2015- Durangoko Azokaren antolatzaileak:

Aurten, Gerediaga elkartearen eta, horrenbestez, Durangoko Azokaren sortzaileek jasoko dute Argizaiola saria: Jose Luis Lizundia, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Arrate Salazar, Koldo Alzibar eta Jesus Astigarraga sarituko dituzte, haiek izan baitziren Gerediagako eta azokako lehenengo hazia landatu zutenak. 1965. urtean sortu zenez geroztik Durangaldearen alde lan egiten duen elkartea da Gerediaga. Hura da Durangoko Azokaren antolatzaile nagusia eta antolaketa taldera batutako beste elkarte, erakunde eta taldeen koordinatzailea.

2016- Euskararen alde "inurri lana" egin dutenak:

Euskararen eta euskal kulturaren alde anonimoki lanean aritu diren eta ari diren guztiak omendu dituen iaz Gerediaga elkarteak. Milaka lagun horien izenean sei pertsonek jaso zuten saria: Kepa Mendiak (Araba), Justo Alberdik (Bizkaia), Jaime Albillosek (Gipuzkoa), Mari Carmen Belazak (Nafarroa), Patxika Erramuzpek (Lapurdi) eta Jose Ramon Zengotitabengoak (diaspora).

 

 

 

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du
Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte
Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.