Arrimadas: "Independentistek ezingo dute, berriro, katalan guztion izenean hitz egin"

Ciutadansen zerrendaburuak nabarmendu du Katalunian lehendabizikoz irabazi duela alderdi unionista batek. Independentistek, ordea, eserleku gehiago atera dituzte, eta hauteskunde lege "injustuari" egotzi dio hori.

Albert Rivera eta Ines Arrimadas, Ciutadanseko buruak. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
Igor Susaeta.
2017ko abenduaren 21a
01:06
Entzun

Ehunka jarraitzaileren aurrean mintzatu da, hamar bat minutuz, Bartzelonako Espainya plazaren atzeko zabalgunean, eta gehiegizko euforiarik azaleratu ez duen arren, pozik mintzatu da Albert Rivera alderdiko presidentea alboan zuela. 23:40 ziren. Izan ere, 2015eko hauteskundeekin alderatuta, hamabi eserleku gehiago atera ditu katalanismoari eta Espainiakoa ez den abertzaletatasun orori kontra egiten dion oinarri ideologiko ahuleko alderdiak. 25etik 37ra igo da eserlekuei dagokienean, eta botoeta, 736.000tik ia 1,1 milioira. Halere, eta sekulako ezustekorik ezean, parlamentuko oposizioan jarraituko du. Bartzelona, L'Hospitalet, Cornella eta Lleidan irabazi du, esaterako.

Arrimadasen ustez, 1,1 milioi "ausartek" mezu bat helarazi diote, "bai Kataluniari, bai Espainiari eta baita Europari ere". Eta nabarmendu Ciutadansek zergatik irabazi dituen Espainiako Gobernuak, konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioaren bidez, Katalunian inposatu dituen bozak: "Zentzu komunaren, elkarbizitzaren eta batasunaren alde egin dugulako". Haren hitzetan, "guztientzako Katalunia bat" eraikitzea dute asmo.

Hauteskunde legea izan du ahotan, haren ustez horregatik eusten diolako independentismoak gehiengoari parlamentuan. "Eserleku gehiago ematen dizkio kalean boto gutxiago dituenari". Eta "Yo soy español" eta "presidenta, presidentea" kantatu duten zaleentzako, mezu bat:  "Egon lasai, ezinezko gauzak lortzen borrokan jarraituko dugulak

Gogoratu zuen alderdia duela 11 urte jaio zela (bere burua zentro-ezkerrekotzat jotzen zuen) eta esaten zietela ez zutela iraungo. "Hiru diputatu atera genituen 2010eko bozetan, eta zazpi urte geroago irabazi egin dugu".

"Visca Katalunia, Visca Espainia eta Visca Europa" oihukatuz bukatu du agerraldia. Nagusiki gazteleraz mintzatu da, hasieran eta bukaeran katalanez hitz batzuk egin dituen arren.

“Hauteskundeak berriro”

Botoa zenbaketa hasi denean, Hotel Catalonia Plazan bildutako Ciutadanseko militanteak pozarren zeuden emaitzekin. Halere, poz hori apur bat apaltzen joan da eskrutinoak aurrera egin ahala. Zaleek eta militanteek zabalguneko oholtzaren parera jo dute dute 23:00ak inguruan, eta Djak, haien kantuekin, giroa pizten ahalegindu arren, Arrimadas eta Rivera oholtzara igo diren arte jarraitzaileek ez dute botoetan eta eserlekuetan lortutako garaipena ospatu. Orduan hasi dira alderdiak banatutako banderak astintzen.

Ordura arte, baziren batzuk, 30 urteren bueltakoak edo gazteagoak, soinean Espainiako banderak zituztenak. Horietako bat, Jordan. "Pozik nago 155.aren eta konstituzioaren alde egin duen alderdiak irabazi duelako. Baina sentsazioa gazi-gozoa da, separatistek gehiengoa lortu dutelako". Ulergaitza egiten zaio subiranisten jarrera, horren ondorioz azken hilabeteotan Kataluniatik "enpresa askok" alde egin dutelako eta Europatik, Jordanen esanetan, dirurik iristen ez delako. Pronostikatzen du subiranistak indartsuago egongo direla hemendik 10 urtera, "hezkuntza eta komunikabideak haien esku edukitzen jarraituko dutelako". Esajeratuz, ondokoa adierazi du: "Independentismoak %60 egin du gora azken urteotan".

Ciutadans izan da kanpainan diru gehien gastatu duen alderdia: 2,1 milioi euro. 180 proposamen jaso ditu programa batean, eta horietako ia gehienek, salbuespenak salbuespen, logika liberal bati erantzuten diote. Arrimadasek ondoko mezuak errepikatu ditu kanpainan: "Katalan guztien presidentea"; "Zer ekarri du prozesuak? Ezer". PPren bozkatzaile askok Ciutadansera jo dute. Bozkatzaile berri askok argudiatzen dutena da alderdia ez dagoela "ustelduta", eta irmoki egin duela Espainiaren batasunaren alde.

Tomas da horietako bat. Bigarren aldiz bozkatu ahal izan du hauteskunde autonomiko batzuetan. "Aurrenekoan PPri bozkatu nion, nire familiako kide guztiek bezala". Baina PPk Katalunian "inoiz" irabaziko ez duenez, botoa "aldatzea" erabaki du. "Ea zer gertatzen den aurrerantzean...".

Miguel Angelek baditu 55 bat urte, eta garai "zailak"  aurreikusten ditu. Konponbide bitxi bat du independentismoari parlamentuan gehiengoa kentzeko: "Errepublika gauzatuz jarraitzen badute, berriro hauteskundeak deitzea". Izan ere, iruditzen zaio ezin dela Espainia "hautsi", hori "inkonstituzionala" dela. "Independentismoak Katalunia hondoratuko du".

"Etsita" daude Jose Maria eta Rixio 30-35 urtekoak, "landako botoa gainordezkatuta dagoelako parlamentuan". "Hauteskunde legeak boto urbanoa kaltetzen du".  Harrigarria iruditzen zaie Junts Per Catalunyak ERCri irabaztea, "ikusita Carles Puigdemontek nola ospa egin duen Belgikara". Dena den, baloratzen dute Ciutadansek lortutakoa. Duela zazpi urte, sortu berritan, hiru diputatu atera zituen. Begira orain". Eta ohartarazpen bat independentistei: "Nahi dezaketena egin dezakete, baina marko konstituzionala errespetatu beharko dute. Haien larrutan frogatu dituzte konstituzioa urratzearen ondorioak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.