2017an gehien irakurritako artikuluak, urtearen ispilu berezia

2017an sarean gehien irakurritako artikuluek argazki berezi eta poliedriko bat osatzen dute BERRIAren kasuan. Gehien irakurritako 60 artikuluak orrialde batean bildu ditu BERRIAk, eta, hala, irakurleen begiradan oinarritutako argazki hori begi bistan jarri.

Gehien irakurritako artikuluak biltzen dituen orrialde berezia.
Pello Urzelai.
2017ko abenduaren 28a
11:18
Entzun

BERRIAren irakurleen zaletasunen nolabaiteko erradiografia eskaintzen du 2017an gehien irakurrien bildumak: zerk lortu duen oihartzuna, zerk sortu duen harridura, zerk bereganatu duen arreta, zer partekatu den... Gehien irakurritako artikuluen zerrendak ustekabeak ekartzen ditu beti, gehienetan zerrendaren goialdean agertzen diren artikuluak gai nagusi edo entzutetsuetatik aldentzen direlako. Izan ere, artikulu solteekin osatzen da zerrenda –urte osoan jasotako ikustaldien arabera–, eta ez gaiekin. Edonola ere, gai nagusiek ere –Kataluniako prozesuak, adibidez– badute isla gehien irakurrien zerrendan. 

Zerrendako lehen hiru artikuluak nabarmendu egin dira ikustaldi kopuruari dagokionez, hirurek 20.000 ikustalditik gora lortu baitituzte. Lehena, Argazkien atzean zegoena izenburukoa, zazpi andreren lekukotasuna jasotzen duen Maite Asensioren erreportajea da. Zazpi andre horiek militantziakide gizonezko baten erasoa jasan zuten, eta euren lekukotasuna eta gertatutakoari buruzko gogoetak eskaini zituzten erreportajean. 

Hirugarrena ere, "Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an" izenburuko artikulua, abusu baten lekukotasuna da. Kasu honetan, duela 22 urte udako kanpamentu batean Juan Kruz Mendizabalengandik sexu abusuak jasan zituen gazte baten lekukotza da, Alberto Barandiaranek bildua.

Zerrendako bigarrena, berriz, kazetaritza praktikoaren adibide bat da: Prest da Korrikaren ibilbidea

Zerrendako laugarren tokian, Iritzia saileko zutabe bat agertzen da: Miren Amurizaren Andereño Mi izenburukoa. Ez da kasualitatea: zerrenda osorik begiratuz gero, Miren Amurizaren hainbat zutabe ageri dira (16, 18, 24, 26, 34, 53 eta 60), haren artikuluek duten arrakastaren seinale.

Bosgarren tokian, kazetaritza praktikoaren beste adibide bat: Ireki dute izen-ematea Jaurlaritzaren zazpi lan poltsen hautaprobetarako.

Ondoren, jakin-mina pizten duten albiste klasiko horietako bat: Mikel Barrios eta Iñigo Gulina dira Berlinen atxilotuak.  Zazpigarren tokian, Korrikaren amaieran irakurri zen mezua jasotzen zuen dokumentua: Sarrionandiaren mezua, osorik. Jarraian, Euskalduna naiz eta zu? saioak eragindako ika-mika jasotzen zuen artikulua: 'Euskalduna naiz eta zu?' saioak identitate estereotipoen inguruko hautsak harrotu ditu'.

Bederatzigarren tokian, Hasier Etxeberriaren heriotzaren berri ematen zuen albistea dago: Hasier Etxeberria idazle eta kazetaria hil da. Gehien irakurrien zerrendan beste pertsona ezagun batzuen heriotzak ere ageri dira: Txetxu Ugalde EiTBko kazetaria, Juanba Berasategi zinemagilea, Julen Kaltzada euskaltzalea eta Ueli Steck mendizalea. 

Azkenik, hamargarren postuan, Xabier Mendiguren Elizegiren artikulu bat dago, Bi lehendakari izenburukoa, Agirre eta Urkullu lehendakariak alderatzen dituena. 

Gehien irakurritako 60 artikuluen zerrendan, Kataluniako prozesuarekin lotutako zenbait albiste ageri dira (independentzia aldarrikapena, atxiloketak...), Bertsolaritza Txapelketarekin lotutakoak (Maialen Lujanbioren txapela eta lehen saioa, eta Unai Agirreren sailkapena), eta presoen egoerarekin lotutakoak (Kepa del Hoyo presoaren heriotza).

BERRIAren webgunean, papereko edizioko artikuluak zein eguneko gaurkotasunari lotutako artikuluak jartzen dira irakurleen esku. Bi motatako artikuluak dira gehien irakurrien artean, paretsu (31 eguneko albisteak dira, eta 29 papereko edizioko artikuluak). Papereko edizioko edukien artean, nabarmentzekoa da iritzi artikuluen arrakasta. Miren Amurizarekin batera, Anjel Lertxundi, Onintza Enbeita, Jose Mari Pastor eta Ramon Agirreren iritzi artikuluak aurki daitezke.

Ikuspuntua aldatuta, gehien irakurritako 60 artikuluak irakurtzen emandako denboraren arabera sailkatuz gero, zerrendaren hasieran "Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an" izenburuko artikulua kokatzen da (batez besteko 6'22''-ko iraupenarekin). Bigarren tokian, Argazkien atzean zegoena izenburukoa (5'35''). Hirugarrenean, Iker Karrera mendiko korrikolariarekin egindako "Esan dezaket burua joan zaigula mendi lasterketekin" izenburuko elkarrizketa (5'11''). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.