Korea

Hego Koreak Ipar Koreari zigorrak kentzea aztertuko du

Bi gobernuetako ordezkariak aurrez aurre elkartu dira bi urtean lehenbiziko aldiz. Seulek erran du neurria behin-behinekoa litzatekeela.

Ipar eta Hego Koreako ordezkaritzak elkar agurtzen. /
Ipar eta Hego Koreako ordezkaritzak elkar agurtzen. / Jung Ui-chel/EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko urtarrilak 9

Gaur goizean atera dute argazki sinbolikoa Ipar Koreako eta Hego Koreako ordezkariek. Seulek eskaini eta Piongiangek onartu bezala, mugako Panmunjom herrian elkartu dira, 2016ko otsailean harreman zuzena eten zutenetik lehenbiziko aldiz. Bileraren helburu ofiziala zen aztertzea Ipar Koreak parte hartuko duen Neguko Olinpiar Jokoetan —Hego Korean egitekoak dira hurrengo hilabetean—. Ipar Koreak adierazi du talde bat bidaliko duela, eta Hego Koreak erran du hori "errazteko" aztertuko duela zigorrak behin-behinean kentzea. Hala ere, Roh Kyu-deok Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eta bertze "herrialde garrantzitsu batzuei" galdetuko dietela.

Ipar Korearen delegazioak Ri Son-gwon Korea Batzeko Batzordeko burua izan du ordezkari nagusi, eta Hego Koreakoak, berriz, Cho Myoung-gyon Bateratze ministroa. Kirol Ministerioko ordezkariak ere izan ditu ondoan. 

Ipar Koreak joan den astean berrezarri zuen komunikazio zuzena Hego Korearekin, Panmunjom herrian duten zuzeneko linearen bidez. Chun Hae-sung Hego Koreako Bateratze ministrordeak gaur jakinarazi du Piongiangek erran diela komunikazio militar zuzena ere berrezarriko duela.

Bi urte harremanik gabe

Koreako gerra 1953an bukatu zen, bake hitzarmenik gabe. Ordutik, soilik armistizio bat dago indarrean. 2016ko urtarrilean, Ipar Koreak adierazi zuen laugarren saio nuklearra egin zuela, eta handik hilabetera proba bat egin zuen irismen luzeko misil batekin. Tentsioa anitz handitu zen, eta, zigor gisara, Hego Koreak erabaki zuen bi estatuek mugan partekatzen zuten Kaesong gune industriala ixtea. Piongiangek horren ondoren eten zuen Panmunjomgo linea zuzena. Orduz geroztik, harremanak erabat egin du okerrera. Ipar Koreak bertze bi saio nuklearren berri eman du —azkena, joan den irailean—, eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak zigor sorta batzuk ezarri dizkio bi urteotan —azkenak, duela bi aste—. Azken hilabeteotan tentsioa gori-gori egon da, ordea, bertzeak bertze Donald Trump AEBetako presidenteak erretorika gogorra erabili duelako Ipar Korearen aurka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna