Lan Ikuskaritzak zortzi milioi euro bildu ditu, enpresen arau hausteetatik

Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak 37.000 ikerketa baino gehiago egin zituen 2017an, eta 15.000 kontratu inguru aztertu. Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea eta kontratuen iruzurra eragoztea izan ditu heburu kanpainak.

Erdian San Jose sailburua, Lan Ikuskaritzako 2017ko datuen aurkezpenean. IREKIA
Iosu Alberdi.
2018ko otsailaren 7a
13:24
Entzun

Lan Ikuskaritzak guztira 37.000 ikerketa ekintza baino gehiago egin zituen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 15.000 kontratu inguru ikertu. Horietatik ia 2.000 aldatu behar izan dituzte enpresek, behin behineko kontratu izatetik behin betikora edo partzialetik osora. Hori dela eta, Gizarte Segurantzan 2.686 alta egon direla azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justiziako sailburu Maria Jesus Carmen San Josek. Guztira zortzi milioi eurotik gora bildu ditu Lan Ikuskaritzak, enpresei jarritako isunen bidez. Izan ere, 1.873 arau hauste aurkitu dituzte inspektoreek. San Josek "oso positibotzat" jo ditu datuak.

Ikerketen erdia baino gehiago Gizarte Segurantzari lotutakoak izan dira. Bestalde, segurtasunari eta osasunari lotutakoak, lan harremanetakoak eta enpleguaren ingurukoak egin dituzte.Bide horretan, bi arazo nagusitan zentratu direla azaldu du San Josek: gizon eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzea eta kontratuetan iruzurra eragoztea.

Berdintasuna sustatzeko ikerketen artean, berdintasun planen eta neurrien kontrolean, eta neurri horiek betetzearen jarraipenean 94 ikuskapen egin zituzten. Horien artean zigor bakarra ezarri dute, baina hamalau zuzenketa eskakizun egin dituzte, legera egokitzeko. "Haurdun dauden edo bereziki sentiberak izan daitezkeen" langileen segurtasun kontrola izan da beste zutabe nagusi bat ikertzaileentzat, eta 61 ikerketa egin dituzte. Eremu horretan jarri dute berdintasunaren arloan ezarritako beste zigorra. San Joseren esanetan, berdintasun legeak betetzea eta soldata arrailarekin amaitzea dira helburuak, eta horretarako ostalaritzan jarriko dute foku nagusia, batez ere, garbiketan, "sektore feminizatua" baita.

Ikuskatzaileen lanaren zati planifikatua izan dela azaldu dute, baina norbanako eta sindikatuen salaketei lehentasuna eman dietela adierazi du sailburuak. Ikerketa horietan behin behineko kontratuen gaineko iruzurrak eta kontratu partzialak aztertzeari ere garrantzi berezia eman diote. Iruzurrak ikertzeko garaian 310 ikuskapen egin dituzte, eta 4.000 kontratutik gora aztertu. Ikerketen ondorioz, bederatzi zigor espediente ireki dituzte, eta 115 zuzenketa eskakizun egin.

Lanaldi osoko kontratuak ez direnen artean 1.201 ikerketa egin zituzten iaz, eta 2.708 kontratu aztertu. Kasu horietan zigor espedienteen irekiera gehiago egon dira, 37 guztira, eta 101 zuzenketa eskakizun egin dituzte. Enpresa horiek legez kanpoko kontratuak zuzentzera behartu ditu Eusko Jaurlaritzak, 1.979 guztira. Horietako gehienak behin behineko kontratuen iruzurrari lotuak izan dira, Lan Ikuskaritzako zuzendariorde Iciar Gonzalezen arabera.

Lan istripuak ere ikertu ditu Jaurlaritzak, eta 167 zigor espediente ireki dituzte istripu horiekin edo lanak eragindako gaixotasunekin lotuta, eta 295 zuzenketa eskakizun egin dituzte. Zigor espedienteen artean hemeretzi izan dira heriotza eragin duten istripuei edo istripu oso larriei lotutakoak. Gonzalezek azaldu du urtean zehar gertatzen diren "istripu guztiak" ikuskatzen direla, neurriak eta zigorrak ezartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.