AEB

Hamazazpi lagun hil ditu Floridako institutu batean tiroka hasi den gizon batek

Institututik bota zuten 19 urteko ikasle ohi bat da erasotzailea. 30 lagun baino gehiago daude zaurituta.

Tiroketaen ondoren inguruak itxi eta ebakuatu dituzte.
2018ko otsailaren 15a
11:15
Entzun

Floridako Parklandeko institutu batean (Marjory Stoneman Douglas High School) gertatu da tiroketa, AEBetan. Abisua jaso dutenean, poliziak campusera joan dira, eta itxi egin dute ingurua. Ehunka ikasle eta irakasle ebakuatu dituzte. Tiroka aritu den gizonezkoa atxilotua dago. Errifle erdiautomatiko bat eta hainbat munizio kargadore zituen erasotzaileak.

Polizien buruak kazetariei jakinarazi dieu atxilotutako gizonak 19 urte dituela, eta gaur egun ez zela eskola horretan ikasten ari, baina garai batean bertako ikaslea izan zela. "Katastrofe bat izan da, ez dago hitzik", esan du Scott Israel polizien buruak.

Ikasleak institututik irteten ari zirenean hasi da tiroka erasotzailea. 3.000 ikasle baino gehiago atera ditu Poliziak ikastetxetik.

Poliziaren bulegoak jakinarazi du gutxienez hamazazpi hildako izan direla tiroketa horretan, eta 30 lagun baino gehiago daudela zaurituta.

Jim Gard institutuko irakasleak adierazi du erasotzaileari ikastetxea sartzea debekatu zitzaiola, hainbat ikasle mehatxatu zituelako. Haren kide izandako hainbatek azaldu dute armak izaten zituela gainean zenbaitetan, eta erakutsi egiten zizkiela.

Urtea hasi denetik pasatu diren zazpi aste eskasetan, hildakoak utzi dituzten zortzi tiroketa gutxienez gertatu dira AEBetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.