Katalunia

Mas eta Lloveras aske geratu dira, Gorenean deklaratu ostean

Kataluniako Parlamentuko Mahaiak ez du onartu Puigdemont inbestitzea ahalbidetuko lukeen Presidentetza Legearen aldaketa.

Artur Mas presidente ohia, Gorenera iristerakoan. BALLESTEROS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko otsailaren 20a
12:47
Entzun

Arthur Mas Kataluniako presidente ohia eta Neus Lloveras AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien elkarteko presidente ohi eta Vilanova i la Geltruko alkatea libre utzi ditu Auzitegi Gorenak, deklaratu ostean. Kautelazko neurririk gabe gelditu dira aske.

Generalitateko presidente ohiari, Artur Masi, 60.000 euroko bermea ezartzeko eskatu dio Vox alderdiak Pablo Llarena epaileari. Hark, ordea, atzera bota du eskaera, eta ez du kautela neurririk hartu buruzagi ohiaren aurka. Ordea, oharra egin dio Masi, esanez Gorenak eskatuz gero berriz bertaratu beharko duela.

Lloverasen kasuan ez dute kautelazko neurririk eskatu; ez fiskaltzak, ezta akusazio partikularrak ere.

Nacio Digital egunkari digital kataluniarrak adierazi duenez, Lloverasek epaileari adierazi dio Kataluniako udalerrietako alkateak iazko urriaren 1eko erreferendumean parte hartzera dei egin ziela, Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma debekatua zuen arren, herritarren erabakitzeko eskubidea debeku horren "gainetik" dagoelako. Lloverasek gaineratu du nazioarteko itunek autodeterminazio eskubidea aitortzen dutela.

Masek berretsi du urriaren 1eko erreferenduma "benetakoa" izan zela, eta independentzia deklarazioa, aldiz, "sinbolikoa". Aldi berean, ukatu du independentzia ahalbidetzeko batzorde estrategikorik zegoela: "Politikaz hitz egiten genuen bileretan".

Fiskaltzak, berriz, eskatu dio epaileari har dezala auzia "instrukzio konplexu" gisa, eta luza dezala prozedura 18 hilabetez —legeak sei hilabeteko epea aurreikusten du instrukziorako–.

Bestalde, Bartzelonan bildu da Kataluniako Parlamentuko Mahaia, Junts Per Catalunyak proposatutako Presidentetza Legearen aldaketaz eztabaidatzeko. Tentsioz beteriko bilera izan da, ERCk ez baitu babestu egitasmoa. Azken unean, atzeratu egin dute erabakia, abokatuen txostena jaso artean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.