Galtzen hasi da Athletic, partida hasi eta hamar minutura sartu baitu Nesyrik gola, Malagak partida osoan sartu duen bakarra. Hamar minutu geroago etorri da zuri-gorrien aurrena. Susaetak sartu du talde osoaren jokaldi polit bati amaiera emanez. Handik aurrera nagusitu egin da Bilboko taldea, eta lehen zatia amaitzerako sartu du bi eta batekoa San Josek.
Bigarren zatian penaltia izan da Malagaren alde, baina Kepak gelditu egin du, eta markagailuak berdin jarraitu du. Gainera, 83. minutuan jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira, Nesyriri bigarren txartel horia atera baitio epaileak. Halaxe amaitu da partida, 2-1eko emaitzarekin.
Partida hasi aurretik, minutu batez isilik egon dira futbol zelaian, ostegunean Spartak Moskuren kontra jokatu zuten partidaren aurretik izan ziren istiluetan hildako Inocencio Alonso ertzainaren oroimenean.