Arte eszenikoak

'Mami Lebrun' obrak irabazi du XVIII. Donostia Antzerki Saria

Xake Produkzioak konpainiaren lehen lana da, eta heriotza du gai nagusi. Epaimahaiaren ustez, "sorkuntza handiko lana izateaz gainera, energia handikoa da, eta ikuslea hunkitzea lortzen duena".

Kepa Errasti eta Ane Pikaza aktoreak, obraren une batean. XAKE PRODUKZIOAK
Ainhoa Sarasola.
2018ko otsailaren 27a
12:29
Entzun

Xake Produkzioak konpainiaren Mami Lebrun antzezlanak irabazi du XVIII. Donostia Antzerki Saria. Hori izan da, epaimahaiaren ustez, 2017an Donostian antzerki konpainia profesional batek euskaraz eskainitako helduentzako obrarik onena. Konpainiak 12.000 euroko saria eta Chari Goienetxeren artelan bat jasoko ditu sari gisa, eta martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian erakutsiko du obra. Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatzen dute sariketa.

Heriotza du gai nagusi antzezlanak. Protagonistetako batek, bere amona hiltzean, omenaldi bat prestatu nahiko dio. Etxeko ganbaran amonaren eguneroko batzuk topatuko ditu, eta haren gazte garaiko hainbat pasadizoren berri izango du. Getari Etxegaraik zuzendu du lana, eta Ane Pikazak, Kepa Errastik eta Ainara Ortegak antzeztu dituzte rol nagusiak. 

Epaimahaiaren ustez, heriotzaren gaia "naturaltasunez" eta "oso era egokian" jorratzen du antzezlanak. Konpainia sortu berria dela ere nabarmendu du, eta obrak "bere soiltasunean, zailtasunak eta arriskuak" hartzen dituela. Dantza, musika, umorea eta hunkigarritasuna uztartzen asmatu izana ere txalotu dio epaimahaiak.

Sariaren parte bat, 10.000 euro, martxoaren 27an jasoko du konpainiak, eta gainerako zatia jasotzeko, berriz, 2020. urtea bukatu aurretik euskarazko beste antzezlan bat eman beharko du Donostian.

Orotara, hemeretzi antzezlan eta 33 emanaldi izan ziren iaz Donostian, eta 8.000 ikusletik gora bildu ziren haietan. Antzezlan horietatik hamabostek betetzen zituzten sarian parte hartzeko baldintzak.  

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.