historikoa

Gainezka egin dute hiriburuetako ekitaldiek eguerdian

jon ordonez garmendia
2018ko martxoaren 8a
07:27
Entzun

Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Donostia... Mugimendu feministak goizetik iragarri du gaurkoa "egun historikoa" izango zela, eta ordu batzuk geroago, eguerdiko bilkuretan, argi geratu da hala izango dela. Inoiz ez bezalako mobilizazioak izan dira eguerdian Euskal Herriko hiriburuetan; gainezka egin dute plazek eta kaleek, oihu bat nagusituta: "Gora borroka feminista".

Bilbo

Ekitaldi jendetsuena Bilbokoa izan da. Arriaga plazan eseri dira milaka emakume, eta txiki utzi dute baita eguerdia baino lehen ere. "Kaleak hartu ditugu sistema patriarkal honek objektu nahi gaituelako. Atera ziren kalera eta aterako gara libre garen arte", esan dute bozgorailuetatik han bildutakoen aurrean. Kale Nagusirantz joan dira gero. Mugimendu feministak gero minutu bateko isilunea gorde du, gaur goizean Erandion (Bizkaia) hilik agertu den emakumea gogoratzeko.

Bizkaian goizeko lehen ekitaldia Bizkaia Zubian mugimendu feministak egin duena izan da, ezkerrealdetik eskuinaldera egunero etxeko eta zaintza lanak egitera doazen emakumeei erreferentzia egiteko. Bilbon gero kalejirak eta piketeak ibili dira batetik bestera, eta hala joan dira betetzen kaleak eta plazak: Zazpikaleak, Unamuno plaza, Santiagokoa...

 

Iruñea

Nafarroako hiriburuan "greba orokorra" oihuekin hasi dute egurdiko ekitaldia. Sarasate pasealekuan egin dute, eta horrek ere gainezka egin du. Ekitaldian Nafarroako emakumeak zoriondu dituzte, gaurkoa greba "historikoa" dela berretsi dute. Euskaraz eta gaztelaniaz egin dute ekitaldia. "Nafarroa osoan ari gara greba egiten, batzarrak 40tik gora herri eta auzotan egin dira. Asko dugu borrokatzeko, baina baita ospatzeko ere. Mugimendu feminista indarberritu egin da, aliantza berrriak sortu dira", esan dute, eta adin eta jatorri desberdinetako jendea bildu dela nabarmendu dute. Bertsolariak eta dantzariak ere izan dira ekitaldian.

Ekitaldi nagusiaren aurretik Iruñeko Udalak deitu duen bilkurara batu da mugimendu feminista. Eguerdiko ekitaldian gogoratu dute grebaren inguruko ekitaldiak atzo gauean hasi zirela, eta mugimendu feministarentzat ere ezusteko pozgarria izan zela Iruñeko gaueko lapiko jotzea. "Piketeak Iruñerriko auzo eta herri guztietan ibili dira gaur, institutuetan ere lan handia egin dute". Horregatik guztiagatik, agerraldiko hizlariek zoriondu egin dituzte greban parte hartzen ari diren emakumeak. Baina azpimarratu dute grebaren jarraipen datuen gainetik, greba egiteko era desbedinak hartuko dituztela aintzat: "Greba egiteko modu ohikoak gainditu ditugu".

"Gu gabe mundua ez da sostengatzen", esan dute ekitaldian: "Guk ekoitzi, zaindu eta kontsumitzeari uzten badiogu, sistema erori egiten da. Hemen gaude sistema heteropatriarkalari eta horren sostengu den kapitaliasmoari aurre egiteko. Borroka dezagun". Erandion hilik agertu den emakumea ere gogoratu dute Iruñean. "Burkideak grebara" eta "gora borroka feminista" oihuekin amaitu da ekitaldia.

Gasteiz

Andre Mari Zuriaren plaza ere lepo bete da eguerdiko ekitaldian. Aurreko minutuetan etengabea izan da emakumeen etorrera eta Lakua auzoko institutuetako ikasleekin are eta gehiago bete da. EAJk elkarretaratzea egin behar zuen Andre Maria Zuriaren plazan bertan, baina bertara heltzerik ez zutela-eta Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean egin behar izan dute.

Aipagarria da goizean 10:00 inguruan piketeek El Corte Ingles saltokia itxi dutela. Poliziak emakume batzuk identifikatu ere egin ditu. Gero, eguerdiko ekitaldiaren ondoren, 30 bat emakume Gizarte Segurantzaren Institutuaren egoitzan sartu dira eta eserialdia egin dute. Horren berri izan ostean, hainbat emakume Dato kalerantz abiatu da, babesa ematera, eta, hala ere, beteta jarraitu du Andre Mari Zuriaren plazak.

Donostia

Gipuzkoako hiriburuan ere txiki geratu da Bulebarra, eta Alderdi Ederren errepidea ere hartu dute emakumeek eserialdi batekin. Bulebar inguruko lorategi eta lurrak ere hartu dituzte. "Gora borroka feminista!" oihuak eta txalo zaparradak izan dira nagusi Donostiako eguerdiko ekitaldian.

Eguerdiko ekitaldiaren ondoren kalejira bat abiatu da Konstituzio plazatik, jendetzak ez baitzuen aldarrikapenak uzteko asmorik. “Munilla, deabrua zure bila” ere oihukatu dute emakumeek. "Arratsaldean itzuliko gara" esanda agurtu dira asko, baina aldarrikapen salto eta oihuek ez dute etenik Donostian.

Baiona

Baionan apalagoa izan da eguerdiko ekitaldia. Baina garrantzitsuena arratsaldean da egitekoa. Eguerdian hiri eta herri guztietan zeuden mobilizazioak deituta, eta iluntzerako hiriburuetan kontzentratuko dira. Baionan 18:00etan egingo dute, eta Bilbon, Donostia, Gasteizen eta Iruñean, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.