Jaialdiak

Getxon izango dira Charenee Wade, Billy Hart, Joshua Redman, Michel Camilo eta Tomatito

Kenny Garret eta Chano Dominguez musikariez gain, Getxoko jazz jaialdiak uztailaren 4tik 8era bilduko dituen musikari nagusien berri eman du, eta salgai jarri dituzte jadanik sarrerak

Carenee Wade abeslari Getxon izango da uztailaren 4an. GETXOKO JAZZ JAIALDIA
Inigo Astiz
2018ko martxoaren 14a
13:32
Entzun

Etorkizunari keinu eginez hasiko du Getxoko jazz jaialdiak bere 42. edizioa. Izan ere, Charenee Wade abeslaria izango da uztailaren 4an programa abian jarriko duena. 2011n kaleratu zuen bere lehen diskoa kantari estatu batuarrak, kritika onak jaso zituen 2015ean Offering diskoari esker, eta hainbat jaialditan izan da geroztik. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 16 saio izango ditu, guztira egitarauak, eta Waden parte hartzeaz gainera, eta jadanik aurreratuak zituzten Kenny Garret saxofoi jotzailearen eta Chano Dominguez piano jotzailearen emanaldiez aparte, jaialdian izango dira Billy Hart bateria jotzailea, Joshua Redman saxofoi jotzailea, Michel Camilo piano jotzailea eta Tomatito flamenko gitarra jotzailea ere.

Charenee abeslariak Gil Scott-Heron eta Brian Jacksonen musika hartu zuen oinarri Offering diskoa osatzeko, eta ondorengo bideoan ikusi daiteke Ain't No Such Thing As Superman abestiaren bertsio akustikoa, adibidez, Getxon eskainiko duen errepertorioaren lagin modura. Salgai dira jadanik sarrerak, eta ohiko salmenta guneetan, Kutxabanken webgunean eta Algortako Kultur Etxera deituta ere erosi ahalko dira.

[youtube]https://youtu.be/jE-CQ3pEoMw[/youtube]

Ibilbide luze eta esanguratsua du Billy Hart bateria jotzaileak. 1940ean jaio zen Washingtonen, eta luzea da lankide izan dituen artisten zerrenda. Besteak beste, Ottis Reddingentzako aritua da Hart bateria jotzen, eta baita Montgomery Brothers, Wayne Shorter eta Pharoah Sandersekin ere. Bakarka ere egin du bidea, halere, eta 11 disko grabatu ditu 70eko hamarkadatik hona. Uztailaren 6an izango da bera Getxon.

Laukote formatuan arituko da Hart kontzertu horretan, eta Joshua Redman saxofoi jotzailea izango du ondoan, besteak beste. Eskarmentuko musikaria da Redman ere, eta, besteak beste, Thelonious Monk nazioarteko saria jaso zuen 1991an. John Coltraneen ondorengo izatekoa zela esan zuten orduan kritikariek, eta luzea da berak ere lankide izan dituen musikari garrantzitsuen zerrenda. Besteak beste, Chick Corea, BB King eta Branford Marsalis lagundu ditu saxoarekin Redmanek, eta Hartekin batera ere hamaikatan aritutakoa da.

[youtube]https://youtu.be/Gjv_AcKu7iI[/youtube]

Elkarrekin arituko dira Michel Camilo piano jotzailea eta Tomatito gitarra jotzailea ere. Uztailaren 8an arituko dira haiek Bihotz Alai plazako agertokian. 1984ko Madrilo jazz jaialdian aritu ziren bi musikariak elkarrekin, eta, geroztik, badituzte hiru disko. Trilogia modura kaleratu zituzten Spain, Spain again eta Spain forever. Jazzaren eta flamenkoaren bidegurutzean arituko dira Getxon ere.

[youtube]https://youtu.be/7fHfKOSi3Lk[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.