Eslovakia

Eslovakiako presidenteak lehen ministroaren dimisioa onartu du

Gobernuko alderdiek koalizioa mantenduko dutela erran dute, eta ez dute hauteskundeetara deituko. Kazetari baten hilketaren harira sortu da gobernu krisia. 

Eslovakiako lehen ministro Robert Fico, dimisioa aurkeztuko duela iragartzeko egin duen agerraldian. JAKUB GAVLAK, EFE
mikel rodriguez
2018ko martxoaren 15a
16:03
Entzun

Andrej Kiska Eslovakiako presidenteak Peter Pellegrini lehen ministrordeari agindu dio gobernua osatzeko, Robert Ficoren dimisio eskaera onartu eta berehala. Ficoren alderdi berekoa da Pellegrini, Smer-Sozial Demokraziakoa, exekutiboko koalizioko indar nagusikoa —Smer akronimo bat da, eta Zuzendaritza erran nahi du eslovakieraz—. Ficok kargua uzteko baldintzatzat paratu zuen hauteskundeetara ez deitzea, eta gobernuko koalizioak legegintzaldia bukatzea. Most-Hid alderdi eskuindar eta gobernuko koalizioko kideak hauteskundeetara deitzeko eskaera babestu zuen, baina Bela Bugar alderdiko buruak prentsaurreko batean adierazi du koalizioko kideek akordioa egin dutela Ficok kargua utziz gero exekutiboari eusteko.

Jan Kuciak 27 urteko kazetaria eta haren bikotekide Martina Kusnirova etxean hilda aurkitu zituzten otsaila bukaeran, Velka Maca hirian, Bratislava hiriburutik 65 kilometrora. Kuciak gobernuarekin lotura duten enpresarien iruzur fiskala ari zen ikertzen, eta lehendik mehatxuak jaso zituen. Hilketaz geroztik hainbat hedabidetan argitaratu dute Eslovakiako Gobernuko kideek Italiako Ndrangheta mafia taldearekin harremanak dituztela, eta azken asteotan manifestazio jendetsuak egin dituzte Eslovakian, hauteskundeak aitzinatzea exijitzeko. Sistema sozialista desegin zutenetik (1989-1990) izan diren mobilizazio handienak egin dituzte. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.