Altsasuko Auzia

Ehunka lagunen babesa jaso dute Altsasuko auzipetuen gurasoek Iruñean

Altsasuko gazteentzat "justizia" aldarrikatzeko Iruñerria bizikletaz zeharkatu dute dozenaka lagunek. Heldu den apirilaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nagusian Altsasuko zortzi gazteen aurkako epaiketa. Fiskalak sei auzipeturentzat 50 urteko espetxe zigorra eskatu du; 62 urte eta erdikoa eskatu du zazpigarrenarentzat eta 12 urte eta erdikoa zortzigarrenarentzat.

Naiara Elola.
2018ko martxoaren 17a
16:48
Entzun

Iragan astean, Baztango eta Bortzirietako herritarren elkartasuna jaso ostean, gaur, Iruñerrikoen txanda izan da. Txirrindulari andanak bat egin du Altsasukoak askatu lelopean egin den bizikleta martxan. Ia goiz osoa eman dute txirrindulariek Iruñerrian barrena. 2016ko urrian bi guardi zibilekin izandako tabernako liskarragatik terrorismo delituak egozten dizkiete zortzi gazteri. Horietatik hiru, Adur Ramirez de Alda, Oihan Ardanaz eta Jokin Unamuno espetxean daudela 488 egun bete dira gaur.

Antolatzaileek iragarri bezala, 13:30ean iritsi dira txirrindulariak Gazteluko plazara. Ordurako, milaka lagun zeuden zain. Zortzi auzipetuen gurasoek txalo artean egin dute Sarasate pasealekutik Gazteluko plazako kioskorako bidea. Gurasoen ordezkari modura Bel Pozuetak hitz egin du. "Eskerrik asko ematen ari zareten babesagatik. Nabarmendu nahi dut babesten gaituzten lagunak oso anitzak direla, ideologia ezberdinetako jendea dago hemen bilduta", esan du hunkituta.

Hasiera batean, Foruzaingoaren txostenak tabernako liskar modura definitu zituen gertakizunak terrorismo delitu bilakatu izanak, "proportzionaltasun falta izugarria" agerian uzten duela salatu du Pozuetak. "Ozen esan nahi dut hainbat elkartek, komunikabidek eta alderdi politikok hauspotu duten mendekuaren logikak sufrimendua eragiten duela". Hala, heldu den apirilaren 14an, Iruñean, Altsasuko gazteen alde egingo den manifestazioan parte hatzeko deia egin du. Era berean, justiziak azken hilabeteetan izan duen jarreraren harira, “babes gabe” sentitzen direla jakinarazi du “gure seme-alaben eskubideak oinperatu dituztelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.