Teknologia

BERRIAren aplikazioa, hobetuta

Hobekuntza batzuk garatzeko eguneratu egin da BERRIAren aplikazioa. Bertsio berria eskuragai dago Google Play eta Apple Store dendetan.

Menuetako atalak osatu dira azken bertsioan.
Menuetako atalak osatu dira azken bertsioan. BERRIA

Pello Urzelai -

2018ko apirilak 11

Telefono eta tabletarako BERRIAren aplikazioa hobetzeko bertsio berri bat garatu da. Beraz, hobekuntza guztiez baliatzeko, aplikazioa eguneratzea gomendatzen du BERRIAk: Android sistema operatiboan 2.9.5 bertsioa, eta iOS sistema operatiboan 2.9.7 bertsioa.

Azken eguneraketan gauzatu den hobekuntza garrantzitsuena hasierako pantailaren egokitzapena izan da, webgunearen egitura berriarekin sinkronizatzeko. Duela hilabete batzuk, webgunearen hasierako orriaren eta albistearen diseinua eta egitura sakon aldatu zituen BERRIAk, eta webgunean egindako aldaketa batzuek eragina izan zuten aplikazioan. Azken eguneraketari esker, webgunearen eta aplikazioaren egiturak bateratu egin dira, webgunean gehitutako atal berriak aplikazioan ere ikusi ahal izateko. Ondorioz, adibidez, webgunean Kataluniari buruz edo hauteskundeei buruz albiste multzo berezi bat sortzen denean aplikazioan ere ikusi ahal izango da.

Horrez gain, azken eguneraketa honetan, bi menuetako atalak osatu dira. Batetik, menu nagusian, bi atal gehitu dira: Agenda eta Telebista. Beraz, hemendik aurrera aplikaziotik ere kontsultatu daitezke ekitaldien agenda eta telebistetako programazioa. Halaber, menu nagusian, PDF hemerotekaren sarbidea tokiz aldatu da, erabiltzaileari eskurago jartzeko asmoz. Bestetik, BERRIAlagunaren menuan, Komunitateko saltokiak atala gehitu egin da.  

Bide batez, jakinarazpenen sistema berritu da, push jakinarazpenak sistema operatiboen bertsio guztietan eta gailu guztietan iristen direla ziurtatzeko. Era horretara, erabiltzaileak azken orduko albiste garrantzitsuen berri izan dezake, azkar eta eroso. Halaber, artikuluak gordetzeko funtzionalitatean agertutako sinkronizazio arazo batzuk konpondu egin dira, bestelako doikuntza txikiekin batera.

Azkenik, publizitate pantaila bat txertatzeko aukera garatu da. Gogoratu behar da, webgunearekin alderatuta, aplikazioan ez dela publizitaterik agertzen ez hasierako pantailan, ez albisteetan eta ez sailetan. Orain garatutako sistemarekin, egunean behin publizitate pantaila bat agertu ahal izango da.

Azken urteotan, albisteak jasotzeko orduan telefonoa bihurtu pantaila nagusi. Joera hori kontuan harturik, BERRIAk ahalegin berezia egin du bere edukiak telefonoetako pantailetara egokitzeko. Ahalegin horren baitan kokatzen da BERRIA aplikazioa. Nabigatzailearen bidezko eskaintza osatzen du, push jakinarazpenak, erabilera pertsonalizatua eta nabigazio erraz eta arina eskainiz.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna