Euskara

Euskarazko kazetaritzan "gako" izan direnak omenduko ditu aurten Rikardo Arregi sariak

Saria 30. urtez banatuko da aurten, eta antolatzaileek berrikuntzak iragarri dituzte. Euskarazko kazetaritzaren "jauzian" mugarri izan diren hamar egitasmo edota pertsona sartizea izango dute helburu.

Rikardo Arregi sariaren aurkezpena, gaur, Donostian. JUAN CARLOS RUZ, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 12a
17:01
Entzun

30 urte, 10 mugarri izango da aurtengo Rikardo Arregi sariaren leloa. Hala erabaki dute antolatzaile diren Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak eta Andoaingo Udalak, sariaren 30. urteurrena dela eta.

Berezia izango da aurtengo sari banaketa. Izan ere, "Rikardo Arregiren garaitik gaur egunera arte euskarazko kazetaritzak eman duen jauzian mugarri izan diren egitasmoak edo pertsonak omenduko ditu", antolatzaileen esanetan. Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko zuzendariak eta Andoaingo alkateorde eta Euskara zinegotzi Ainara Rodriguezek aurkeztu dituzte sariketaren xehetasunak Donostian egin duten prentsaurrekoan.

Haien esanetan, Rikardo Arregi sariaren ibilbide "emankorra" ospatu nahi dute aurten, eta, bereziki, euskarazko kazetaritzarena. Gogorarazi dutenez, euskarazko kazetaritzan "kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza" sustatzea da sariaren helburua. Aurtengoan, xede hartu dute azken hamarkadetan euskarazko kazetaritzan "aitzindari, erreferente eta bide berrien urratzaile" izan direnen lana aitortzea.

Sari banaketarako, azken hamarkadetan sektorean nabarmendu diren pertsona, komunikabide, ibilbide, sustapen egitasmo, erreminta eta erreferentziazko kazetaritza lanak hartuko dituzte aintzat antolatzaileek.

Euskarazko kazetaritzan eginiko lanak hizkuntzaren biziberritzerako duen balioari garrantzia aitortu dio Alkortak. "Eragile, kazetari, gidoigile edo euskaltzale askoren lana saritu nahi dugu aurten, haien ekarpena bultzada izan baita euskara egun dagoen tokian egoteko".

Antolatzaileek parte hartzera deitu dute. Proposamenak bidaltzeko epea ekainaren 15era artekoa izango da. Interesa dutenek haien lanak bidali behar dituzte Andoaingo Udalera. Papereko postaz edo posta elektronikoz bidaltzeko aukera dute. Irabazlea urrian emango dute jakitera, sariaren 30. urteurrena ospatzeko egingo den ekitaldian.

Epai mahaia osatuko dute Miren Azkaratek, Jose Inazio Basterretxeak, Allande Boutinek, Aingeru Epaltzak, Elixabete Larrinagak, Jon Unanuek, Arantxa Urretabizkaiak eta Aitor Zuberogoitiak, eta Ainara Rodriguez izango du buru. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde ohi eta Andoaingo Udaleko euskara teknikaria izango da idazkari.

Bestalde, Rikardo Arregi sariak webgunea estreinatuko du maiatzean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.