Pentsioak

Pentsioak gaurkotzeko formula berri bat ezartzea adostu dute Toledoko Itunean

Inflazioa hartuko luke kontuan modu berriak, baina baita BPGa, kotizazioak eta soldatak ere. %0,25eko gutxieneko igoera baztertuko luke formula berriak.

Pentsiodunen manifestazio handi bat, Bilbon, aurreko hilean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2018ko apirilaren 25a
16:38
Entzun

PPk indarrean duen pentsioak gaurkotzeko sistema ordezkatzea adostu dute Espainiako Parlamentuko talde handienek. 2013tik martxan dagoen gutxieneko %0,25eko igoera aldatuko luke formula berri batek, eta, pentsiodunak kalean eskatzen ari diren moduan, inflazioa (KPI) hartuko luke kontuan, baina formula konplexuago baten barruan. Inflazioaz aparte, izan ere, barne produktu gordina (BPG), kotizazioak eta soldatak ere aintzat hartuko bailirateke. Formula berri horretan aldagai bakoitzak izango duen pisua eta kalkulua egiteko modua ez dute adostu taldeek, baina orain arteko sistema aldatzeko bidean jarri dute.

Azken hiru urteetan, %3 inguru hazi da ekonomia Espainiako Estatuan, baina horrek ez du indar nahikorik izan Gizarte Segurantzan indarrean dagoen sisteman, gutxieneko %0,25eko igoera gainditzeko pentsioetan. PPk bere gehiengo absolutua baliatu zuen 2013an sistema hori onartzeko, eta orain prest dago —kalean milaka pentsiodun protestan ari direla— KPIa berreskuratzeko igoeraren kalkulua egitean, baina ez hura oinarri bakar bihurtzeko, urte askoan egin zen moduan. "Zaharkitua" ikusten du hori.

PP eta Ciudadanos, batera

Horregatik, BPGa, kotizazioak eta soldatak ere sartuko dira formulan. Ciudadanos ere ez zegoen prest KPIa berriro aldagai bakar gisa berreskuratzeko; pentsioen igoera bezatzeko formula litzateke oraindik fintzeko dagoen hori. Edonola ere, Toledoko Itunean adostu dutena da aholku berri bat idaztea, inflazioa "funtsezkoa" bihurtzeko. Ikusi egin behar da aholku hori nola uztartzen den KPIarekin batera beste aldagai batzuk baliatuko lituzkeen sistemarekin. Itxura batean, PP eta Ciudadanos dira KPIa beste aldagaiekin nahastu nahi dutenak, eta beste bi alderdi handiak, PSOE eta Unidos Podemos, pentsioen igoera Elkarrizketa Sozialerako Mahaian bideratzearen aldekoak lirateke. Modu horretan onartuko lukete inflazioa beste aldagaiekin nahastea igoeraren formulan.

Toledoko Itunaren hurrengo bilera maiatzaren 9an izango da, eta batzar horretan aurrerapauso bat eman beharko litzateke, azken orduetan adostutako ildoan. Pentsioen jasangarritasunaren aldagaiaren inguruan ere ikusteko dago alderdi politikoak gai diren ados jartzeko. 2019ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean, eta pentsioak txikituz joan daitezen oinarrizko aldagaia da. Murrizketa orokorra bultzatuko du 2013an onartutako aldagai horrek. Bada, talde parlamentario batzuek eskatu dute indarrean sartu aurretik baztertzea —batzuek behin-behineko neurri gisa—, eta soilik PP da martxan jarri nahi duena aurreikusitako egunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.