Katalunia

Espainiako Gobernuak ohartarazi du gertutik zainduko dituela Torraren urratsak

Madrilek ziurtatu du "erantzun" egingo diola "legez kontrako" edozein ekintzari. Torraren hitzaldiak elkarrizketarako borondate eta gaitasun eskasa adierazten du, Rajoyren gobernuaren esanetan.

Marino Rajoy Espainiako presidentea, joan den maiatzaren 4an egin zuen agerraldian. ANGEL DIAZ, EFE
2018ko maiatzaren 12a
08:17
Entzun

Espainiako Gobernuak ohartarazpen batekin erantzun dio Quim Torra Kataluniako presidentetzarako hautagaiak Kataluniako Parlamentuan inbestidura saioan egin duen hitzaldiari: "Konstituzio esparruaren edozein urraketa eta legez kontrako edozein ekintza" erantzun egingo ditu. Hala jakinarazi du Madrilek ohar bidez, Torrak "errepublika egin" eta Kataluniarako konstituzio proposamen bat sustatuko duela iragarri ostean.

Mariano Rajoyren gobernuaren iritziz, Torraren hitzaldiak agerian utzi du hark elkarrizketarako duen "borondate eta gaitasun eskasa". Haren esanetan, Alderdi independentistek "ahotsa ukatu" diote "kataluniarren osotasunari", eta eragotzi egin dute kataluniarren eta espainiarren arteko "elkar ulertzea".

Kataluniako gizarteak "normaltasuna eta lasaitasuna berreskuratzea merezi du", gobernuaren hitzetan. Aldiz, Torraren jarrerak gizarte banaketa areagotzen duela ohartarazi du.

Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak ere gaitzetsi egin du Torraren hitzaldia, eta 155.a ez indargabetzea galdegin dio Rajoyren gobernuari, prozesu subiranista amaitu artean.

Puigemonten iritziz, "distiratsu"

Torraren hitzaldia "ezin hobea"izan da Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren iritziz. Haren esanetan, "distiratsu" aritu da presidentegaia, "Katalunian duten salbuespenezko uneak" eskatzen duen dimentsio historiko guztia" adierazita.

Puigdemontek Italiako La Stampa egunkariari eskaini dion elkarrizketan adierazi du Torrak hauteskundeetara deitzeko aukera izango duela urriaren 27tik aurrera —Kataluniako Errepublika deklaratu eta urte betera—, presidente berriaren izendapenaren ostean Espainiak "jazarpenarekin jarraitzen badu".

Taldeen erantzunak parlamentuan

Kataluniako Parlamentuan, Torraren hitzaldiari erantzuten ari dira taldeak, 15:00etatik, JxCeko diputatuaren inbestidurarako saioan. Erantzunen txandan, Ciutadanseko Ines Arrimadas izan da hitza hartzen lehena. Arrimadasek gogor kritikatu du Torra, eta Katalunia gobernatzeko baino, CDR Errepublikaren Defentsarako Komite bat zuzentzeko aurkeztea egotzi dio. Arrimadasen esanetan, Torrak "konfrontzaio gehiago, gatazka gehiago eta prezesu [subiranista] gehiago" besterik ez du eskaintzeko. Berradiskidetzea bultzatzeko aukera bat galdu duela ohartarazi dio Torrari.

ERCko Sergi Sabriak eskertu egin dio Torrari "gobernua gidatzeko ausardia". Sabriak gobernua osatzeko beharra nabarmendu du, 155.aren eragina bertan behar uzteko eta estatuaren "errepresioari" erantzun ahal izateko. "Kataluniako erakundeak ez dira, inondik ere ez, nahiko genituzkeenak, baina errepublika egiteko behar ditugunak dira". Katalunian errepublika independente bat lortu ahal izateko, "gehiengo irmoa" eraikitzera deitu du Sabriak. "Oinarriak handitu behar ditugu. Askoz ere gehiago izan nahi dugu proiektu errepublikarra sendotzeko".

Miquel Iceta PSCko idazkari nagusiak Torrari leporatu dio "Puigdemonten menpeko" izatea "onartu" izana. Icetak kritikatu egin du Errepublikaren Kontseilua sortzeko proposamena. "Ez zitzaigun 155.a gustatzen, eta ez dugu nahi hura indargabetu ondoren Madrildik gobernatuak izateari utzi eta Berlindik edo Waterlootik (Belgika) gobernartuak izatea". Icetaren esanetan, Torra independentziaren aldeko kataluniarrei mintzatu zaie soilik, eta gizartearen zati esanguratsu bat baztertu du. Icetak gaineratu du PSCk ezin duela urriaren 1eko erreferendumaren emaitza "agindu demokratiko" gisa hartu, haren iritziz, legez kontrako erreferenduma izan zelako.

Catalunya En Comu Podemeko bozeramaile Xavier Domenechen iritziz, Torrak gobernu "ahula" osatuko du, badakielako jaio aurretik "iraungipen data" duela.  Domenechen esanetan, Kataluniak erresistitzeari utzi behar dio, eraikitzen hasteko. "Nahikoa da zilegitasunean gotortzeaz. Kontua ez da Puigdemont bakarrik, kataluniar guztiek diotena da kontua". Askapen nazionalak nahitaez askapen soziala behar duela nabarmendu du.

CUPeko bozermaile Carles Rierak kritikatu du indar subiranistak ez direla ausartu estatuari desobeditzera, eta ziurtatu du horregatik dagoela parlamentua laugarren hautagai baten inbestidura saioan. ERCri eta JxCri dei egin die aldebakarreko estrategiara itzultzera. Rieraren esanetan, prozesuak "mobilizazio zibil baketsuan" oinarritu behar du, Kataluniako "parlamentuaren eta gobernuaren borondatea mogatuta" egongo direlako. CUPeko ordezkariak ohartarazi du esparru autonomikoaren baitan erreformak egiten saiatzeak "frustrazioa" eragingo duela soilik.

PPko Xavier Garcia Albiol kezkatuta agertu da Torraren hitzaldiarekin, ez baitu ikusten "gizarte haustura" konponbidean jartzeko gai. Kataluniarren "erdia baino gehiago ikusezin" bihurtzea egotzi dio. Albiolen arabera, bi aukera ditu Torrak: "estatutuarekiko eta konstituzioarekiko leial jokatzea, ala gatazkan errotuta bizitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.