Naparra

Naparra berriro bilatzeko agindu du Auzitegi Nazionalak

Iazko bilaketan haren arrastorik topatu ez, eta auzia artxibatzea erabaki zuen Ismael Moreno epaileak. Senideen abokatuaren helegite bat onartuta, ordea, bilaketa lanei berrekiteko agindu du orain auzitegiak.

Egaña, Iruin eta Etxeberria, gaurko agerraldian. FOKU
jon olano
2018ko maiatzaren 15a
06:57
Entzun

Maiatzaren 8koa da Espainiako Auzitegi Nazionalaren 2. Arloko epailearen autoa. Auziaren inguruko xehetasunak emateko, prentsaurreko bat eman dute Jose Miguel Etxeberria Naparra zenaren anaia Enekok, familiaren abokatu Iñigo Iruinek eta Euskal Memoria fundazioko buru Iñaki Egañak.

Iruinek azaldu duenez, Ismael Moreno epaileak itxi egin zuen Naparraren auzia martxoan. Familiak, baina, auzia ez ixteko eta diligentzia berriak irekitzeko eskatu zuen, eta halaxe egiteko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Moreno epaileari agindu dio Frantziari eskatzeko araka ditzala Landetako inguru hartako beste lur batzuk. Izan ere, iaz ere saiatu ziren Naparraren gorpua topatzen Landetan, baina ez zuten aurkitu. 

Gorpua beste toki batean bilatzeko ez ezik, ustezko CESIDeko kide ohi bati elkarrizketa egiteko ere eskatu du auzitegiak. Izan ere, haren pistarekin iritsi ziren Naparra Landetan egon daitekeen ondoriora, alegia, hark Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioari tiraka. CESIDeko ustezko kide hura bilatzen saiatu zela esan zuen lehen ere epaileak, baina bilaketa sakonagoa egin daitekeela dio auzitegiak orain.

Iruin pozik azaldu da auzitegiaren erabakiarekin, arrazoia eman dielako Naparraren senideei: "2016an zabaldutako ikerketa lerroa ez dago agortuta". Ez du zehaztu noiz egingo dituzten bilaketa lanak, orain Auzitegi Nazionalak eta Mont de Marsango Instrukzio Auzitegiak egin behar dituztelako izapideak. 

Eneko Etxeberriak, berriz, aitortu du aurreko bilaketa lanetan Naparraren arrastorik ez topatzeak "itxaropena zapuztu" ziela, baina orain "poz handia" izan dela auzitegiaren erabakiaren berri izatea: "Jarraituko dugu aurkitu arte".

1980ko ekainaren 11tik ez dago Naparraren berririk. Komando Autonomo Antikapitalistetako kide zen, eta egun horretan hitzordu bat zuen Ziburun (Lapurdi); ez zen agertu. BVE Batallon Vasco Español talde paramilitarrak bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.