Polizia operazioa Altsasun

Krudelkeriari erantzun bateratua emateko deia egin dute Altsasuko gurasoek

Salatu dute isunak eta salaketak jarri dizkietela gazteei eta gurasoei elkartasuna adieraztera gerturatu diren herritarrei. Gaitzetsi dute justizia ez dela berdina denentzat.

Altsasuko gazteen gurasoen agerraldia. BERRIA
joxerra senar
2018ko ekainaren 5a
06:52
Entzun

"Gorroto dinamika batera eraman nahi gaituzte, baina ez gara haiek bezalakoak", salatu du Idoia Goikoetxeak, urte eta erdi honetan gazteei babesa eta elkartasuna eman dien herri mugimenduko kideak. Iñaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea atzeman ditu goizean Guardia Zibilak eta Madrilera eraman, Auzitegi Nazionalaren aginduz. Horren aurrean erantzun bateratua ematera deitu dituzte gurasoek herritarrrak eta eskatu diete parte har dezatela iluntzean herriz herri egitekoak diren mobilizazioetan eta baita ere ekainaren 16rako Iruñean antolatu dute manifestazioan.

Goikoetxeak salatu du gazteak atxilotzearekin nahikoa ez, eta haiei elkartasuna adieraztera joandako herritarrren aurka ere egin dutela guardia zibilek: "Muntaia hau abiatu zutenetik argi geratu da justizia ez dela berdina denentzat. Atxilotu eta kartzelaratu nahi dituzte ihes egiteko arrisku baten aitzakian, eta elkartasuna adieraztera joan garen herritarrak identifikatu eta mehatxatu gaituzte, borrekin jo eta isunak jarri dizkigute".

"Erantzuna esajeratua eta mingarria" izan dela gaitzetsi dute. Altsasuko herriari gaur 20:00etan erantzutera dei egin diote, baita Nafarroa eta Euskal Herri osoari ere. Horrekin batera eskatu diete eragile sozial eta politikoei antola ditzatela mobilizazioak euren esparruetan. "Asko gara, geroz eta gehiago, eta haiek soilik indar erakustaldian eta justizia eza dute. Erantzun argi eta indartsua emateko unea da".

Hala dio irakurri duten agiriak:

Altsasuko gazte zigortuen gurasoek irakurri duten agiria ekainaren 5ean

Atxiloketek gaitzespen ugari eragin dituzte. Operazioa "neurrigabea" izan dela salatu du Nafarroako Gobernuak eta "justizia" eskatu du Altsasuko alkateak. Jaurlaritza, ordea, ez da kritikekin bat etorri eta epailearen erabakia "errespetatzen" duela adierazi du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.