Testigantza

“Aitak hala nahi badu, berekin utzi behar dut alaba asteburu osoa”

 

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2018ko ekainak 22

Azken hogei egunetan zortzi aldiz ospitaleratu du alaba Gurutzetako ospitalean, eta beste behin Basurtukoan. 13 urte eta erdi ditu alabak, eta irauli egin zaio burmuina. Antsietate izugarria du, dardarak etortzen zaizkio, eta korrika hasten da bat-batean; oihuka alde batetik bestera. Aita kartzelara sartzeko oihukatzen du, hilda nahi lukeela, berari sufriarazi dion bezala sufri dezala nahi duela. “Alde batetik bestera korrika oihukatzen du hori, leihoak eta ateak zabaltzen ditu, mundu guztiak entzun dezala nahi duela dio”. Argi du gaztetxoaren amak, Elenak asmatutako izena da: “Traumak eragindako estresa du”. Ospitalera eramaten du halakoetan: “Lasaigarriak eman, medikatu, medikatu eta medikatu egiten dute”. Eta etxera bidaltzen dute. Gero eta medikamentu gehiago eman dizkiote, gainmedikatzeraino. Horrexek eragin dio azken ospitaleratzea, igandean: “Gehiegizko medikazioa dela eta, garbiketa egin behar izan zioten”; gaindosia zuen.

Duela hogei egun eman zion gaixoaldiak gogorren alabari, eta ordutik bururik altxatu ezinik dabil neskatoa. Bizkaiko Auzitegiak aitaren aurkako salaketa artxibatu zuela jakin zuen orduan. “Helegite guztiak agortuta zeudela, eta ezin zela besterik egin”. Ordutik sortzen zaizkio dardarak, korrikaldiak, oihuak, konbultsioak. “Ez dut lortzen lasaitzea. Bere burua gauza berean du beti”.

Asteburua aitarekin igaro eta egun batzuetara alabak egindako kontakizunaren ondoren jarri zuen salaketa Elenak. Aitona-amonak ere aitarenean egongo zirela eta, lasaiago joan zen asteburu hartan alaba, epaitegiek agindutakoa bete eta asteburua aitarekin pasatzera. Baina aitona-amonak mediku proba bat egitera joan zirela eta aitarekin bakarrik geratu zela esanez deitu zion alabak telefonoz. “Ez nuen ezer egin”, dio amak kulpa sentipenarekin; “Ez nintzen bila joan”. Egun batzuetara kontatu zion alabak gertatutakoa: neskatoa dutxatik atera zenean, sexu erasoa egin zion aitak.

Ez zen lehen aldia ez bigarrena. Salaketa jarri aurretik auzi medikuarekin egon zirenean, ukituak “aspalditik” egiten zizkiola aitortu zuen alabak; “betidanik” egin izan dizkiola. Non eta nola ere kontatu zuen; bai auzi medikuaren aurrean, bai astebetera aitaren aurka egin zen epaiketan. Baina ez xehetasun guztiekin. Epaileen ustez, xehetasun gutxiegirekin inor zigortzeko. Inor zigortzeko, eta haurra babesteko neurriak hartzeko. Auzi medikuen txostenak ez du gezur zantzurik ikusten neskatoaren kontakizunean. Epaiketan esandakoa ere kontaketa horrekin bat datorrela dio epaiak. Baina haurrak ez dituela eraso eta abusuak sakon kontatzen.

13 urteko neskaren beste egoera bat ere ez du kontuan hartzen auzitegiak: “Autismo puntu bat du alabak, gaitasun kognitiboan nabarmen eragiten diona: adierazteko eta harremanak izateko arazoak ditu. Isila da, eta azaltzea, adieraztea kosta egiten zaio”. Eta bere adinekoak baino haurragoa da. Horrekin lotzen du Elenak kontakizunen laburtasuna.

Laburrak izanagatik, esanguratsuak dira neskaren hitzak. Sexu abusuak kontatzen dituela dio auzi medikuak txostenean. “Han zergatik dagoen badakien galdetzean, baietz erantzuten du; ‘aitarengatik’ dagoela han”. Aitaren kontu hori zer den azaltzeko eskatzean, sexu ukituak egiten dizkiola kontatzen du, besteak beste.

Baina horrenbeste galderarekin nekatu egiten da neskatoa, gero eta gehiago, eta ez du erantzuteko gogorik izaten. Izan ere, berriki auzia artxibatu egin dute; baina ez du lehen salaketa, eta ez du lehen artxiboa.

2010. urtean jarri zuen Elenak lehen salaketa haurraren kontrako abusuen harira. 5 urte zituela kontatu zion, lehen aldiz, aitak egiten ziona. Barakaldoko epaitegira jo zuen orduan amak. Azken kasuan bezala, epaiketa arina egin zioten aitari, eta artxibatu egin zuten auzia. Orain bezala, epaileen ustez haurrak ez zituen erasoak behar besteko xehetasunekin deskribatu. “Sekula ez dute haurra entzun, eta sekula ez dute kontuan hartu adierazteko arazoak dituela”, kexu da Elena. Orduko hartan epaileek ebatzitakoari jarraituta, umeak ez zuen gaua aitarekin igaroko, baina bai egun osoak.

Ondorengo zortzi urteetan “zorte bat” izan duela dio Elenak. Aurrez urteetan amaren aurka egindako eraso jarraituaren ondorioz, urruntze agindua izan zuen aitak Elenarekiko, eta, horri esker, umea ere ez zen aitarekin egoten, edo aldundiaren elkarguneetan egoten zen bestela, gizarte langileen begiradapean.

Baina neurri horiek bertan behera utzi zituzten denboraren poderioz, eta aitak, noizean behin, alabarekin egoteko epaitegiek baimendutako eskubidea erabili du. Legez, astelehen, asteazken eta ostiraletan egon daiteke berekin, eskolatik ateratzen denetik 19:00ak arte. Asteburuetan, larunbateko 11:00etatik igandeko 19:00ak arte. Amak sekula ez dio bisitarako aukera ukatu nahi izan; aita-alabak bakarrik ez egotea du helburu. “Beste norbait ere bazegoenean lasai joaten zen”. Azkenaldian, ordea, zaildu egin dira gauzak. Azken salaketen harira, neskatoak ez du aita ikusi ere egin nahi, eta eskolara bila joan zaionean eskolan itxita ere egon da moja eta zaintzaileen artean gordeta, atera gabe, ama bila joan zaion arte.

Egoera muturrera iritsi dela eta, oraingoz ez duela bisitarik eskatuko jakinarazi du aitak. Baina horretarako aukera emana dio auzitegiak. “Aitak hala nahi badu, berekin utzi behar dut asteburu osoa”. Eta gauza bakarra eskatzen du oraindik: alabak aitarekin egon behar badu, zaintzapean egon dadila; sekula ez bakarrik. “Zergatik ez dute haurra babesteko neurririk hartzen? Hori ezin dut ulertu. Zergatik?”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: