Gizarte babesa

DSBEa erreformatzeko eztabaida, atzeratuta

Eusko Legebiltzarrak gaur bozkatu behar zuen EAJk eta PSE-EEk legea aldatzeko aurkeztu duten proposamena, baina bertan behera uztea erabaki dute, oposizioarekin "adostasunak handitzeko" borondaterekin.

Jaurlaritzak ez du oraingoz babesik lortu DSBEa erreformatzeko. DAVID AGUILAR / EFE
Ivan Santamaria.
2018ko ekainaren 28a
12:34
Entzun

Uda igaro arte itxaron beharko du, oraingoz, DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta erreformatzeko eztabaidak. Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, lege proposamen baten bidez prozesua abiatu nahi zuten, baina gaurko osoko bilkuran aurrera ateratzeko gehiengoa bermatuta ez zuenez, tramitea etetea erabaki dute, puntua gai zerrendatik atera eta beste baterako utzita.

Ohar baten bidez eman dute bi alderdiek erabakiaren berri. "Oposizioak eskatuta" hartu dutela adierazi dute. Oposizioko taldeak "akordiorako borondatea" badutela "egiaztatu" dute jeltzaleek eta sozialistek, eta adostasunak legearen tramitea abiatu aurretik lortzeko tartea eman nahi izan dute.

DSBEa moldatzeko erabili nahi izan den formulak ezinegona piztu du oposizioko alderdien artean. Eusko Jaurlaritzaren lege proiektu bezala aurkeztu ordez —horrek eskatzen dituen txosten juridiko eta ekonomiko guztiekin— alderdien proposamen modura biderat nahi izan dute. EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP kritikoak izan dira estrategia horrekin, eta horregatik gaur tramitazioaren aurka bozkatzeko aukera zabalik zegoen.

EAJk eta PSE-EEk ziurtatu dute "denborak azkartzeko" modua ematen zuela eztabaida lege proposamenarekin abiatzeak, eta defendatu dute ez dela "galdutako denbora" izango orain prozedura eten behar izatea. "Aukera ematen du sistema indartzeko", dio oharrak.

Oposizioko alderdiekin hartu-emanak izan dituzte Jaurlaritzak eta hura sostengatzen duten alderdiek. Haatik, jarrerak urrun zeuden. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek berme handiagoak eta legearen edukiak hobetzeko eskatu dute, eta aurkeztutako proposamena murriztalea dela iruditzen zaie. PPk, berriz, alderdiak aspaldi eskatutako kontrol neurri batzuk onartu nahi direla ontzat jo du, baina ez zaio nahikoa iruditu.

Proposamenaren edukiak

DSBEaren erreforma sistema eguneratzeko beharrarekin justifikatu dute EAJk eta PSE-EEk. Eusko Jaurlaritzak, proposamena babesteko irizpidean, adierazi du azken hamar urteetan laguntzaren kudeaketan sortu diren "disfuntzioak" zuzentzeko unea dela, eta oraingo egoera sozioekonomikora "egokitu" behar dela. Hauek dira aurreikusten diren aldaketa nagusiak:

Onuradunak: Gaur egungo baldintza nagusiei eusten zaie. Hala, errenta kobratzen hasteko gutxieneko adina 23 urte dira, eta onuradunak EAEko udalerri batean gutxienez hiru urte erroldatuta izan beharko ditu. Kasu batzuetan errolda epea bi urtera murriztuko da.

Ordaina: Errentaren ordaina gutxieneko soldataren arabera kalkulatzeari utzi nahi zaio. Horren ordez, gutxieneko gastuen adierazle bat sortuko da (455 euro), eta horri osagarri ekonomiko batzuk gehituko zaizkio, elkarbizitza unitateak duen izaeraren arabera. Pertsona batek, gehienez ere, 659 euro kobratuko ditu. Gaur egun baino %2,3 gehiago litzateke, baina legeak gaur egun aurreikusita duen kopurua — gutxieneko soldataren %88— baino %23 txikiagoa da. Legeak agindutakoa ez da bete 2012. urtetik.

Unitateak: Haurrak dituzten elkarbizitza unitateak saritu nahi ditu moldaketak, gaur egun pobrezia arrisku handiena dutela iritzita. Aldiz, etxea partekatzen duten bikoteak zigortuko ditu, bereziki. Oro har, etxebizitza bakoitzean unitate bakarra egotea aurreikusten du legeak. Modu iragankorrean, bi errenta kobratzeko aukera eskaintzen du, baina bigarrenak laguntza ekonomiko askoz txikiagoa izango luke.

Inplikazioa: Onuradunen inplikazio aktiboa neurtzeko tresna berri bat indarrean jarriko litzateke. Puntukako gidabaimen bat bezala funtzionatuko luke. Administrazioak ondorioztatuko balu laguntza jasotzeko baldintzaren bat urratu dela, puntu batzuk kendu, eta laguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko litzateke. Gaur egun, ordaina etetea aurreikusten du legeak, baina ezin da modu mailakatuan egin.

Pentsiodunak: Legeak errenta bi ataletan banatuko du formalki: DSBE arrunta eta pentsiodunena. Praktikan, ez dago alde handirik egungo sistemarekin. Ordaina, orain arte bezala, apur bat handiagoa izango da pentsiodunentzat: 52 euro gehiago pentsiodun batentzat, eta 62 euro gehiago beste pertsona batekin bizi bada. Etorkizunean kobrantza errenta zergan hobari negatibo bat ezarrita egiteari atea ireki nahi zaio. Ondare baldintzak ere leundu dira, premian daudenei laguntza ez ukatzeko.

Kontrola: Lege proposamenak xedapen bat jasotzen du Lanbide enplegu zerbitzuan hatz marka bidezko identifikazioa indarrean jarri ahal izateko. Hatz marka aipatu gabe, testuak dio sistema biometrikoak erabiliko direla zerbitzuko «erabiltzaileak edota laguntzen onuradunak» identifikatzeko, datuen babeserako arauen zehaztapenak «aintzat hartuta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.