polizia operazioa

Gasteizko Udala ustezko ustelkeria kasu batekin lotu dute

Dokumentazioa eskatu dio Espainiako Poliziak. Trafikoaren kudeaketari lotutako lehiaketa publikoak manipulatu ote dituzten ari dira ikertzen.

aitor biain
2018ko uztailaren 3a
14:29
Entzun

Espainiako Polizia ustezko ustelkeria kasu baten aurkako operazioa egiten ari da, eta Espainiako zein Kataluniako hainbat udaletan sartu da informazio bila. Gasteizko Udalak ere kasuarekin lotura izan dezakeela eta, dokumentazioa eskatu dio Poliziak, EFE agentziak zabaldu duenez. Badalonako bigarren instrukzio epaitegiak agindu du ikerketa, eta sekretupean dago oraingoz.

Aplicaciones Gespol SL enpresa legoke susmopean –Sacyr Taldeko filial bat da; 2016an erosi zuen–, eta trafikoa kudeatzeko produktuak merkaturatzen ditu, radarrak, semaforoak, trafikoa kudeatzeko sistemak eta datu baseak, eta beste. Ustez, produktu horien prezioa puztu zuen hainbat udali saltzeko ondoren.

Sacyrren egituraren barruan, Valoriza Servicios Medioambientales enpresaren barruan kokatzen da Gespol SL. Sacyr enpresak, operazioaren berri jakin duenean, ohar bat zabaldu du, eta jakinarazi du enpresa horrek 1,5 milioi euroren fakturazioa izan duela azkeneko urtean. Ikerketa bat hasiko duela ere erantsi du, zer gertatu den argitzeko.

40 bat hiritan ari dira operazioa egiten, eta uste dute PSOE, PP eta Ciudadanosek alkateak nahastuta egon daitezkeela; politikariez eta enpresariez aparte, udaltzain batzuk ere nahastuta egon daitezke ustelkeria sarean, zabaldu dutenez.

600 polizia ari dira operazioan, goizetik. Ehun miaketa baino egiteko asmoa omen dute poliziek, tartean etxeak eta eraikin publikoak; beste erakunde publiko batzuetan miaketarik ez dute egingo, antza, baina informazioa eskatu diete. Horien artean dago Gasteizko Udala.

Atxiloketa batzuk ere egin ditu Poliziak. Horien artean, ustez sarearen burua litzatekeena: Jose Luis Ulibarri, Begar enpresako burua —Gurtel auzian ere inputatua izan da—. Albiste agentzien arabera, 33 lagun atxilotu dituzte; tartean, alkateak, enpresariak eta udaltzainak leudeke.

Epailearen ikerketaren arabera, 2010ean hasi ziren irregulartasunak. Enpresari trafikoa kudeatzeko hainbat tresna erosten zizkieten, askotan udaltzainak bitartekari zirela, lehiaketa publikoak saihestuz; udaltzainek eta hautetsiek eskupekoak jasotzen zituzten erosketa horietatik.

Akusazio zerrenda luze bati aurre egin beharko diote inputatuek: prebarikazioa, administrazio publikoari iruzurra egitea, diru publikoa xahutzea, beren karguaz baliatzea, funtzionarioak erostea, dokumentuak faltsutzea, lehiaketa publikoko prezioak manipulatzea, informazio pribilejiatuaz baliatzea, talde kriminal baten parte izatea...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.