Euskarabentura
Tolosan igaroko du eguna Euskarabenturak
Sormen lanak garatzeko baliatuko du eguna espedizioak. Bihar, BERRIAren egoitza ikusteko aukera izango dute gazteek.

Tolosara iritsi zen atzo Euskarabentura espedizioa, eta gaurko eguna bertan igaroko du. Espedizoko kideek, Tolosa ezagutzeaz gain, Auritzen hasi zituzten sormen lanekin jarraitzeko aukera izango dute. Inprobisazioa, eszenografia, koreografia, ahozko adierazpena eta hitza lantzen ari dira sormen lan horietan. Lanak garatzen laguntzeko, bertan izango dituzte Mattin Zeberio, Huts Teatroa, Miren Amuriza, Kattalin eta Peter Ansorena, Ximun Fusch eta Myriam Perez sortzaileak. Gaur, gainera, Gipuzkoan euskarak duen egoera soziolinguistikoaren berri jasoko dute Kike Amonarrizen eskutik. Olatz Silva BERRIAko kazetaria espedizioan da, eta zuzenean kontatzen ari da bere blogean.
Atzo iritsi zen Euskarabentura Tolosara, Zeraindik. Zeraindik bertarako bidean, lehenengo Aizpeako meategietatik igaro ziren espediziokideak. Ormaiztegira joan ziren gero, eta bertan Zumalakarregi museoa bisitatzeko aukera izan zuten. Askok, gainera, museoari esker deskubritu zuten txapelaren erabilera karlistaldietan hedatu zela. Museoa bisitatu ostean, Tolosara trenez joan ziren, eta, bertan, Tolosako alkate Olatz Peonek egin zien harrera.
Ormaiztegin Zumalakarregi museoa bisitatu dugu.
— EuskarAbentura espedizioa (@euskarAbentura) 2018(e)ko uztailaren 17(a)
Bazenekiten txapelaren erabilera karlistaden ondorioz hedatu zela?#EuskarAbentura pic.twitter.com/19LwDgkAmL
Harrera beroa jasotzen ari da Euskarabentura igarotzen ari den herrietan. Zerainen, erraterako, bertako herritarrek afari ederra prestatu zieten espedizioko kideei. Trukean, Euskarabenturako gazteek umore onez eta musikaz bete zuten herria.
Zeraingo lagunek pasta entsalada, @LumaGorri oilaskoa, patata tortila, txorizoa parrillan, gazta eta izozkia eskaini digute afaltzeko. Mundialak zarete, mila esker Zerain! #euskarabentura pic.twitter.com/vRGZxqwpeH
— EuskarAbentura espedizioa (@euskarAbentura) 2018(e)ko uztailaren 16(a)
Tolosatik Hernanirako bidea egingo du bihar espedizioak. Bidean, Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik igaroko dira, eta BERRIA barrutik ezagutzeko aukera izango dute gazteek.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.