Garagardoa

Alemania da garagardo ekoizlerik handiena Europako Batasunean

Europako Batasuneko estatu kideek 41.000 milioi litro garagardo ekoitzi dituzte 2017an, aurreko urtean baino 2.500 gehiago.

Oktoberfest garagardo festa, Alemanian. CHRISTIAN BRUNA / EFE
xabier martin
2018ko abuztuaren 3a
12:47
Entzun

Ez da ezustea, noski. Alemania da garagardo ekoizlerik handiena Europan. 2017an, 8.100 milioi litro ekoitzi ditu, eta kopuru hori bere jarraitzaileen emaitzetatik goitik dago, nabarmen. Erresuma Batuan 5.600 milioi litro ekoitzi dituzte; Polonian, 4.000 milioi; Herbeheretan, 3.900; Espainiako Estatuan, 3.600; eta Belgikan, 2.400 milioi litro. Guztira, 41.000 milioi litro garagardo ekoitzi ditu Europako Batasunak 2017an, aurreko urtean baino 2.500 milioi gehiago. Eurostat agentziak eman ditu datuok, Nazioarteko Garagardoaren Egunaren harira.

Urte batetik bestera egondako igoera orokorrak 81 litroko igoera dakar Batasuneko hiritar bakoitzeko. Alkoholik gabeko garagardoa ere gehiago ekoitzi dute, 900 milioi litro gehiago; 0,5 gradutik beherako garagardoa sartzen da kategoria horretan. Dena den, badira herrialde batzuk Alemania baino gehiago hazi direnak garagardo ekoizle gisa. Herbehereetan, adibidez, %48 igo dute ekoizpena; Erresuma Batuan, %14; eta Portugalen, %11. Ekoizpen txikiagoa egin dutenen artean daude Grezia (%9), Eslovakia (%5), Bulgaria (%4) eta Letonia (%4).

Esportazioak-inportazioak

Garagardo esportatzaileen zerrendari dagokionez, ez dago ezusterik: Alemania, Herbehereak eta Belgika daude podiumean. 1.900 milioi litro esportatu zituzten Herbehereek, eta 1.600 milioi litro hala Belgikak nola Alemaniak. Frantziak 700 milioi litro saldu zituen atzerrian, eta Erresuma Batuak 600 milioi. Europako Batasunak esportatutako hiru garagardo alkoholdunetik bat AEBetara joaten da; guztira, 1.100 milioi litro. Gero, Txina dator, 520 milioi litrorekin; Kanada (200 milioi), Hego Korea (175 milioi) eta Errusia ere (138 milioi) esportazioen zerrendaren goialdean daude.

Eta nondik dator Batasunak egiten duen garagardo inportazioa? Bada, gehienbat Mexikotik. Erdialdeko Amerikako herrialde horrek 211 milioi litro garagardo bidali zituen Europara 2017an, inportazio osoaren %52. Serbia (48 milioi litro), AEBĀ  (39 milioi litro), Bielorrusia (23 milioi) eta Txina (16 milioi litro) dira beste herrialde garrantzitsuak Batasunaren garagardo inportazioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.