Donostiako Aste Nagusia

Altsasu Gurasoak plataformak botako du txupinazoa Aste Nagusi Piratan

Altsasuko auzian auzipetutakoen gurasoei elkartasuna adierazi die Donostiako Piratak mugimenduak, eta "oinarrizko eskubideen babesa" aldarrikatu du. Ezkila Kapitaina Kalepoza kofradiari egokitu zaio.

Donostiako Piraten txupinazioa, iaz, Donostiako kaian. DONOSTIAKO PIRATAK
2018ko abuztuaren 7a
18:07
Entzun

Piratek Donostiako Aste Nagusiaren hasieran egin ohi duten txupinazoan, piraten mugimenduaren baloreekin bat datorren aldarrikapen bat aurkezten du urtero Matti petsonaiak, eta haren eskutik botatzen dute bolandera hautatutako taldeek edo norbanakoek. Aurten, Altsasuko auzian auzipetutako gazteen gurasoek botako dute suziria.

Donostiako Piraten mugimenduak "elkartasun osoa" adierazi dio Altsasu Gurasoak plataformari eta "oinarrizko eskubideen babesa" aldarrikatu du. Jai alternatiboen antolatzaileek nabarmendu dute Oihan Arnanzek, Adur Ramirezek eta Jokin Unamunok 600 egun baino gehiago daramatzatela espetxean eta IƱaki Abad, Aratz Urrizola, Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea ere kartzela direla, ekainaren 5ean bigarrenez atxilotu zituztenetik. "Donostiako itsasoaren kresala ehunka kilometrotara dauden gazteengana iristea" espero dute piratek.

Auzipetuen gurasoek pozez hartu dute txapligua botatzeko izendapena. Ezinbesteko jo dute eragileen arteko elkarlana, "gizarte aske bat lortzeko".

Covite biktimen elkarteak Donostiako udalari eskatu dio ez uzteko Altsasuko Gurasoak plataformari txupina botatzen. Horrela gertatzen bada, ekinbide legalak martxan jarriko dituztela ohartarazi du elkarteak webgunean zabaldu dute oharrean.

Aurreko urteetan, Martuteneko auzo elkarteak, Stop Kalertzeak plataformak, abortoaren aldeko mugimenduak, Irutxuloko Hitzak, Katherina eta Hassanna errefuxiatuek eta Sara Majarenas preso ohiak eta haren alabak bota dute suziria.

Ezkila Kapitaina, Kalepoza

Mattiz gain, Ezkila Kapitainak ere alaitu ohi du Aste Nagusi Pirataren jai gunea. Urtero, kofradia batekin ibiltzen da festan, eta aurten Kalepoza kofradiari egokitu zaio. Alaitasuna eta bizipoza ditu ardatz kofradiak. Kale Lagunak hockey taldearen inguruko lagunez osatua dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.