Historia

Iruñearen suntsiketa eta Orreagako gudua gogoraraziko dituzte 1.240 urte geroago

Orreaga fundazioak eta Etxabarrengoa elkarteak hainbat ekitaldi antolatu dituzte ostiralean hasi eta abuztuaren 15era arte.

Eneko Aritzaren igoeraren herri antzezpena, duela hiru urte, Orreagan. JESUS DIGES / EFE
Iker Tubia.
2018ko abuztuaren 7a
18:07
Entzun

Oso ezaguna da 778. urtean baskoiek Karlomagnoren gudarosteko atzeguardiaren kontra egindako erasoaldia. Erroldan buru, Ibañeta zeharkatzen ari zirela, oharkabean harrapatu zituzten; Erroldan bera ere han hil zen. Ez da hain jakina, ordea, horren aurretik Iruñean zer gertatu zen: Erroldan buru zuen armadak hiria erabat suntsitu zuen. Hain zuzen ere, bi gertakari historiko horiek gogoraraziko dituzte ostiraletik aurrera.

Larunbatean ekitaldi politikoa eginen dute Redin inguruan, Iruñeko suntsiketa gogoratzeko. Eguerdian izanen da, eta dantzariek eta bertsolariek ere parte hartuko dute. Gainera, oroigarri "sinboliko" bat jarriko dute bertan. "Bi urte daramagu Iruñeko Udalari gertakari hura gogoratzeko plaka bat eskatzen, zoritxarrez ahantzirik eta ezkutaturik baitago gertakari hura. Erantzuna, ordea, isiltasun ofiziala izan da", azaldu du Koldo Amatriainek, Orreaga fundazioko lehendakariak. Iluntzean, herri antzerkia eginen dute, baina ez da Iruñean izanen: urtero Orreagan (Nafarroa) egin ohi dute Eneko Aritzaren igotzea, baina aurten Luzaiden (Nafarroa) eginen dute. Hemendik aurrera herriz aldatuko dute urterik urte.

Abuztuaren 15ean izan zen Orreagako gudua, eta, beraz, egun hori izanen da ekitaldi guzien erdigunean. Eguerdian, ekitaldia eginen dute Orreagan, eta, ondotik, Ibañetara igoko dira ekitaldiarekin jarraitzeko. Lore eskaintza eginen dute han, eta Xabier Irujo historialariak irakurriko du egun hori gogoratzeko prestatutako pregoia. Bukatzeko, herri bazkaria eginen dute, baina bertan parte hartzeko osteguna baino lehen eman behar da izena, 676622716 telefono zenbakira deituta edo ibaneta778@gmail.com helbidera idatzita.

Ibañetan, urteroko aldarrikapenak eginen dituzte. Alde batetik, baskoien aldeko oroitarria jartzeko eskatuko dute, eta duela ehun urte Nafarroako Diputazioak Orreagako gudua gogoratzeko eraiki zuen arkua konpontzeko. "Hango jendeak irabazi zuen bataila hori; euskaldunei omenaldia egin beharko litzaieke", aldarrikatu du Karmele Galartzak, Etxabarrengoa elkarteko lehendakariak. Bestetik, Errolanen omenezko harria eraisteko exijituko dute. "Errolanen harria botatzeko eskatzen dugu beste behin ere. Aski da: inbaditzailearen aldeko monumenturik ez genuke izan beharko", salatu du Amatriainek.

Bestelako egitasmoak

Lehenbiziko egitasmoa, baina, ostiralean izanen da. Iruñearen suntsiketari buruzko dokumental txiki bat proiektatuko dute, eta, ondotik, Gaizka Arangurenek eta Xabier Irujok hitz eginen dute. Arangurenek zuzendu du dokumentala, eta, azaldu duenez, Iruñeko kaleetan galdezka aritu dira: "Jendeak, noski, normalean ez daki zer gertatu zen hemen duela 1.240 urte". Orreagako gudua bai, baina Iruñekoa ez da hain ezaguna. "Orreagakoa ez zen gertatuko Karlomagnok Iruñea suntsitu izan ez balu", azaldu du Arangurenek. "Karlomagnok Iruñean utzitako errautsak izan ziren Iruñeko Erresumaren ongarria: horren gainean eraiki zen euskaldunon lehenengo egitura politiko-juridikoa, Euskal Herria nazioarteko zuzenbide subjektu bilakatuz".

Dokumentala emateaz gainera, Irujok berriki Ekin argitaletxearekin argitaratu duen liburuari buruz ere mintzatuko dira: 778: La Batalla de Errozabal en su contexto histórico. Haren lanaren balioa azpimarratu du Arangurenek: "Haren lana, ikerketaren ikuspegitik, oso garrantzitsua da, iturri zuzenetara jo duelako aspaldiko partez –batez ere, latinera–, eta Txoperenarekin batera egindako ibilaldi luzeetan lekua bertatik bertara ikusi duelako, eta egiaztatu delako hortik pasatu zela gudarostea".

Musikarako tarterik ere izanen da Orreagako gudua gogoratzeko egitasmoen artean. Abuztuaren 14an, Iruñeko Ganbera Abesbatzak kontzertua emanen du Itzandegian, Orreagan. Bertan, Gonzalez Aziluren Arrano beltza obra abestuko dute, besteak beste. Joxean Artzeren olerki batean oinarriturik dago, eta 1977an eman zuen estreinakoz abesbatzak. Iaz berreskuratu zuten kanta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.