Bilboko Aste Nagusia

Iritsi da Marijaia, 40. aldiz

Zorion Egileorrek pregoia irakurrita eta Aixeberri konpartsako Saioa Dominguezek txupina botata, hasi dira Bilboko jaiak. Jendetza bildu da Arriaga antzokiaren inguruan. 40. urteurrena ospatuko dute aurten

Marijaia Arriagako balkoian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lander Muñagorri Garmendia.
2018ko abuztuaren 18a
20:14
Entzun

Hunkituta hitz egin du Zorion Egileor aktore eta aurtengo pregoilariak Arriagako balkoitik. Duela 40 urte, Bilbon jai herrikoak ospatu nahi zituztela esan zuen irratitik, eta hala antolatu zuten, lehen aldiz, kalejira bat. Aste Nagusiaren jatorritzat hartzen dute kalejira hori.

Ekimen hori gogoratu du gaur Egileorrek pregoian: "Internetik gabe jaio ginenok ere bagenituen gure sare sozialak, bagenituen moduak jendea biltzeko eta elkartzeko. Irratia genuen orduan denok batzeko tresna ederra, eta niri tokatu zitzaidan irratiaren bidez, Herri Irratiaren bidez, jai berri batzuk antolatzea, asmatu eta dei egitea". Haien inspirazio iturriak aipatu ditu: "Bizi poza eta irudimena genituen lagun estimatuak, 1968ko Parisen esan zuten kaleko adokinen azpian hondartza zegoela, eta guk irudimenaren bidez Bilboko kaleen azpian zegoen hondartza topatu genuen".

Egitarau oparoa prestatu dute datozen egunetarako Bilboko Udalak eta Konpartsek. 29 konpartsa, zazpi gune eta ehunka konpartsakide arituko dira kaleak girotzen.

Sexu erasoen aurkako kanpaina martxan jarri du udalak, eta konpartsek 'Nik gozatu zuk errespetatu, hura zaindu' leloarekin banderak jarri dituzte jaigunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.