Txirrindularitza

Viviani da menderatu beharrekoa

Elia Vivianik (Quick Step) aise irabazi du Espainiako Vueltako hirugarren etapako esprinta. Giacomo Nizzolo (Trek) eta Peter Sagan (Bora) izan dira bigarren eta hirugarren. Michal Kwiatkowskik (Sky) jarraituko du maillot gorriarekin.

Berria -

2018ko abuztuak 27

Quick Step taldeak etapa osoan zehar egindako lanari errematea jarri dio Elia VIvianik Alhaurin de la Torreko helmugan. Vueltako espinterren zerrendan buru-buruan ageri zen italiarra, eta edukitako lehen aukeran ez du hutsik egin. Michael Morkov taldekidearen lana bikain baliatu, eta erraz menderatu ditu aurkariak. Jon Aberasturi (Euskadi Murias) 19. sailkatuta izan da lehen euskal herritarra.

Eguneko ihesaldia etapa hasi eta berehala sortu da. Bertan ziren Luis Angel Mate mendiko liderra (Cofidis), Hector Saez (Euskadi Murias), Antonio Molina (Caja Rural), Nans Peters (Ag2r), Jordi Simon (Burgos BH) eta Pierre Rolland (Education First). Quick Stepek, ordea, kate motzean lotu ditu. Helmugatik 43 kilometrora Victor Campenaertsek eta Jelle Wallaysek (Lotto Soudal), Lukas Postlbergerrek (Bora) eta Alexis Gougeardek (Ag2r) tropeletik ihes egin dutenean estutu da apur bat lasterketa. Hala ere, Vivianiren taldekideek Movistarren laguntzaz egoera kontrolpean izan du uneoro.

Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Michal Kwiaktkowskik jarraituko du lider.