AGIRRETXEREN AGURRA

"Ohore bat da kamiseta hau eta kolore hauek defendatuz amaitzea nire ibilbidea"

Realeko jokalariak "harro eta zoriontsu" hartu du futbolean jokatzeari uzteko erabakia. Agurra egingo diote irailaren 15ean, Realak Bartzelonaren kontra jokatuko duen partidan.

Imanol Agirretxe, agurreko agerraldian, Illarramendirekin eta Oiarzabalekin. ANDONI CANELLADA, FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abuztuaren 29a
07:13
Entzun

Imanol Agirretxek futbolean jokatzeari uztea erabaki du. Gaur goizean eman du Realak sare sozialetan Usurbilgo (Gipuzkoa) jokalariaren erabakiaren berri, eta jokalariak berak azaldu du zergatik eman duen pauso hori, Zubietan egin duen agerraldian: "Pauso bat emateko garaia dela nabaritu dut. Egun zoriontsua da, egon nahi nuen lekuan amaituko dut ibilbidea. Realeko jokalari izatea gertatu zaidan onena izan da", adierazi du. Jakinarazi du klubean beste lan batean jarraitzeko aukera ere iradoki diotela baina orain atseden hartu nahi duela.

Zubietako Realaren instalakuntzetako gimnasioan egin du agerraldia, ohikoa den prentsa aretoan egin beharrean, jende asko bildu delako. Jokin Aperribai presidenteak eskerrak eman dizkio Realean aritu den denboraldietan egindako lanagatik: "Realaren bikaintasuna lortzen lagundu duzu hamar urteotan". Halaber, "klubaren onena bilatzeko" izan duen prestutasuna eskertu dio Aperribaik, eta aitortu du sarri hitz egin duela aurrelariarekin: "Iritzi interesgarriak izan ditu beti, eta sekula ez interesatuak. Mila esker zaren modukoa izateagatik".

Usurbilgo aurrelariak gaur astebete hartu zuen futbola uzteko erabakia. Haren esanetan, Roberto Olabe klubeko futbol zuzendariari azaldu zion bere ibilbideari amaiera emateko asmoa: "Azken aldiz min hartu nuenean ohartu nintzen erabaki hori hartu behar nuela". Taldekideei azaltzea egokitu zitzaion gero, eta onartu du hasieran "shock egoeran" geratu zirela aldagelan. Alabaina, erabaki egokia hartu duelakoan dago, eta zehaztu du "pozik" dagoela uzteko erabakia "nahi izan dudanean" hartzeko aukera izan duelako.

"Zoriontsu izan naiz"

Realean urte ederrak bizi izan ditu Agirretxek: "Realeko jokalari izatea guztia izan da niretzat; lehen taldera igaro nintzenean futbolari izatetik Realeko jokalari izatera igaro nintzen, hori da zoriontsu egin nauena". Hamar urte egin ditu lehen taldean, eta izan duen jarraitutasunaz harro agertu da: "Defendatu nahi izan dudan kamisetarekin urte askoan aritu ahal izan dut. Urteroko lehia izan da defendatu nahi nuen ikurra defendatzeko, eta maite ditudan kamiseta eta ikurra defendatzen amaituko dut nire ibilbidea".

Azken boladan Realaren erreferente izan diren jokalari askok utzi dute taldea, baina aurrelariak uste du txuri-urdinen "betiko izaera" mantendu egingo dela aurrerantzean ere: "Esku onetan uzten dut lekukoa. Harrobitik igo direnek ulertua dute zer den Reala, harrobitik kontzientziatuta datoz. Badakite zeintzuk diren gure balioak, eta betiko transmisio horri eutsiko diotenaren zalantzarik ez dut".

Espero baino lehen amaitu behar izan du Agirretxek bere ibilbidea. 2015ean hasi zen okertzen bere bidea, Keylor Navas Real Madrileko atezainak orkatilako lesio larri bat egin zionean, eta geldirik egon behar zuen hurrengo bi denboraldietan. Alabaina, Navasi amorrurik ez diola argitu nahi izan du: "Alferrikakoa da, amorruak ez narama inora. Izan nezakeen amorru guztia lanarengatik aldatu dut, nire mailarik onenera itzultzeko". Lehen lesio hartatik osatu zen zen Agirretxe, baina ordutik behin eta berriz hartu du min.

Ibilbide txuri-urdina

"Karrera perfektuaren gidoia" bete du Agirretxek, gaur azaldu duenez. 2005an egin zuen debuta Realeko lehen taldearekin. Ondorengo urteetan Reala B eta Castellon taldeetatik pasa ondoren, 2008-2009 denboraldian Realaren lehen taldean gelditu zen. Hantxe hartu du erretiroa.

31 urteko usurbildarrak futbol ibilbidean amestu eta borrokatutakoa lortu duela nabarmendu du bideoan, eta horregatik, dio, "egun zoriontsua" dela berarentzat erretiroa hartzen duen hau, "atzera begiratu eta gauza on pila bat" ikusten dituelako.

272 partida ofizial jokatu ditu, eta Realean egin dituen hamar urteetan 72 gol sartu ditu. Sasoi beteko adinean dago berez, 31 urterekin, baina lesio asko izan ditu, eta badirudi horrek eraman duela erretiroa hartzera.

Aperribaik azaldu du Realak eskaintza egin diola, klubaren egituran jarrai dezan. Litekeena da harrobiko jokalarien entrenatzaile izatera igarotzera. Agirretxek ez du aukera hori baztertu, baina adierazi du oraingoz atseden hartzea besterik ez duela buruan.


Agirretxe, 2011n, Tunisiaren aurka, Euskal Selekzioarekin jokatzen.

Euskal Selekzioarekin bost partida jokatu ditu:

2010: Euskal Selekzioa 3-1 Venezuela
2011: Euskal Selekzioa 0-2 Tunisia (argazkian)
2012: Euskal Selekzioa 6-1 Bolivia
2013: Euskal Selekzioa 6-0 Peru (bi gol sartu zituen Agirretxek)
2015: Katalunia 0-1 Euskal Selekzioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.