Lan gatazkak

Donostiako autobus turistikoko lau langileek grebara joko dute lan baldintzak hobetu ezean

Donostiako autobus turistikoetako lau langileak, LAB sindikatuko ordezkariekin batera, iragarri dute salaketa bat jarriko dutela Lan Ikuskaritzan pairatzen dituzten baldintza prekarioengatik

Donostiako autobus turistikoko langileak, agerraldian. ANDONI CANELLADA, FOKU
2018ko abuztuaren 30a
15:05
Entzun

Salaketa jartzearekin batera, hiru bilera egin nahi dituztela adierazi dute gaur goizean Donostiako alkate Eneko Goia, turismo bulegoa eta UTE Donostia City Tour enpresarekin salatutakoari konponbidea emateko asmoz. Irailaren 15etik aurrera, Donostiako Zinemaldian, greba mugagabera joko dutela adierazi dute lan baldintza horiek hobetzen ez badira.

2013an Donostia Turismoa S.A.k argitaratutako plegu batzuen bidez, UTE Donostia City Tour enpresak lortu zuen autobus turistikoen ustiaketa, eta turismoa sustatzeko nahiz kudeatzeko Donostiako Udalak sortutako enpresa pribatu bat da. Bulego hori diru publikoarekin hornitzen da, eta kontratazioak egiteko ahalmena dauka. Hori dela eta, autobuseko gidariek "lan irregulartasunak" salatu dituzte gaur goizean udalean.

Hainbat izan dira salatutako irregulartasunak. Langileek adierazi dute enpresarekin dituzten lan kontratuak "behin-behinekoak" direla, eta baldintzen eta jardunaldien aldaketak egiten dituztela momentuko beharren arabera, eta gidariei ez dietela aldaketa horien kopiarik ematen. Gaineratu dute, udaran astean "50 eta 60 orduko lanaldiak" egiten dituztela, eta ordu estrak ez dituztela kobratzen, ezta hileroko nominak jasotzen ere. Ordutegien koadranteak eta egutegiak ez dizkietela ematen ere adierazi dute, eta "WhatsApp" bidez jakinarazten dietela haien lan orduak zeintzuk izango diren 24 orduko epearekin "gehienez ere". Horrek lanean telefonoa erabiltzera "behartzen" dituela esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.