Reala

Berotasunez agurtu dute Agirretxe zale txuri-urdinek

Anoeta eraberrituaren lehen partidaren egunean egin du bere agurra Imanol Agirretxe aurrelari usurbildarrak. Hunkituta eskertu du jaso duen maitasuna.

Imanol Agirretxe, Realeko zaleei eskerrak ematen, bere agurraren egunean. ANDONI CANELLADA, FOKU
2018ko irailaren 15a
07:38
Entzun

"Pasatzen dena pasatzen dela, guztiaren gainetik sentimendu bat dago, lotzen eta batzen gaituena". Realeko zaleen arteko kidetasuna aldarrikatu du Imanol Agirretxe talde txuri-urdineko aurrelariak bere agurraren egunean. Ez da asko luzatu mikrofonoarekin, eta kosta egin zaio hitzak ahoskatzea hainbat unetan.

Hunkituta zelairatu da, bikotea eta seme-alabekin batera, zaleei eskerrak ematera. "Eskerrik asko eman didazuen guztiarengatik. Oso maitatua sentitu naiz". Harmailetan, zaleek pankarta bat zabaldu dute bere irudiarekin, golak ospatu ohi zituen keinua ageri zuela: besoak zabalduta. Hegan egin dugu zioen pankartak. Hitza hartu aurretik, Leo Messi Bartzelonako kapitainak opari bat egin dio: Camp Nou estadioa irudikatzen duen oroigarri bat.

Zaleei bakarrik ez, Agirretxek Jokin Aperribairi eta Jesus Mari Satrustegiri ere eman dizkie eskerrak; baita Realeko lankide eta taldekideei ere.

Esker oneko hitzak egin ondoren, baloi bat hartu eta ateetako batera gertutatu da usurbildarra. Baloia eskuetatik erortzen utzi, eta bote lasterrean jota bidali du sareetara. Berak egin du Anoeta eraberrituko lehen gol sinbolikoa. Lehen gol ofiziala, Aritz Elustondok egin du Bartzelonaren kontrako neurketan; lehen zatiko 12. minutuan, eta Agirretxeri eskaini dio. Besoak zabalduta ospatu du gola, Agirretxek ohi zuen bezala, eta eskuekin bederatzi zenbakia irudikatu du.

Realarekin 200 partida baino gehiago jokatuta, txaloekin agurtu ditu zaleak, eta txalo zaparradarekin erantzun diote zaleek ere.

Ostiralean, Agirretxeri eginiko elkarrizketa argitaratu zuen BERRIAk. Besteren artean, Agirretxek adierazi zuen Realarekin lehen mailara igo zeneko egunak izan zirela taldean bizi izan zituen ederrenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.