Enpresak

Alemaniako autogintza susmopean da berriro

BMW, Daimler eta Volkswagen etxeek kartel bat osatu ote duten jakiteko ikerketa abiarazi du Europako Batzordeak. Igorpen kutsakorrak txikitzeko teknologian ez lehiatzea adostu ote duten argitu nahi du Batzordeak.

Greenpeacen protesta bat Volkswagenen fabrika batean, Ingalaterran, diesel motorren kutsaduraren aurka. CHRIS J RATCLIFFE / EFE
xabier martin
2018ko irailaren 18a
18:00
Entzun

2015eko irailean lehertutako dieselgate auziak mugarria jarri zuen Alemaniako autogintzan, eta haren itzala uste baino luzeagoa izan daitekeela jakin da orain. Europa Batzordeak ikerketa ofizial bat abiarazi duela jakinarazi du BMWk, Daimlerrek eta Volkswagen taldeak (VW, Audi eta Porche) kartel bat osatu duten argitzeko. Akusazioa larria da, Europa osoko ingurumenari dagokiolako. Batzordeak jakin nahi du Alemaniako autogintzak batera erabaki ote duen igorpen kutsakorrak txikitzeko teknologian ez lehiatzea. "Frogatuko bagenu, Europako kontsumitzaileek gutxiago kutsatzen duten autoen aldeko hautua galarazi izango zuten, teknologia hori erabilgarria izanda ere". Margrethe Vestager Lehia komisarioaren hitzek argi uzten dute, isunak isun, Alemaniako autogintzaren handiek arrisku handia dutela beren prestigioan beste aizkorakada bat jasotzeko.

Izan ere, ustezko itun horrek Europako lehiaren araudia urratuko luke. Garapen teknologikoa mugatzen dituzten akordioak erabat legez kanpokoak dira Batasunean. Zer gertatu da konpainien aurkako susmo hori sor dadin? 2017an egindako hainbat miaketek oinarria eman diotela akusazioari. BMW, Daimler, Volkswagen eta Audiren egoitzetan hainbat agiri ikuskatzen egon ziren Lehia ataleko zerbitzuek. Han aurkitutako dokumentazioak bultzatu du Batzordea ikerketa ofiziala abiaraztera. Konpainia horiek guztiek hainbat batzar egin zituzten, besteak beste, igorpen kutsakorrak txikitzeko teknologiaren garapena eta aplikazioa erabakitzeko. Bruselak argitu nahi du Europan saldutako autoen mugak adostu ote zituzten.

Diesela eta gasolina

Ate joka dagoen eskadalu honetan, gainera, bi motor nagusiak dira protagonista, diesela eta gasolina. Gasolioari dagokionez, nitrogeno dioxido (NOx) igorpenei eragiten dion SCR katalisian esku hartu ote den argitu behar du Batzordeak; gasolina motorrean, berriz, partikulen filtroetan (OPF) eragin ote den.

Baina Alemaniako autogintzan kartel bat osatu ote den jakiteko ikerketa honek jatorrizko eskandaluan ere eragin dezake, dieselgate auzian. Igorpen kutsakorrak ezkutatzeko txip iruzurgileen erabilera ere adostua izan ote zen susmoa aspaldian dago mahai gainean. Batzordeak zuhurtziari heldu dio. "Batzordeak ez du une honetan frogarik esateko ikertuek beren jarrera koordinatu zutela legez kanpoko txipei dagokienez". Diesel autoen igorpen kutsakorren probetan emaitza faltsuak ahalbidetu zituzten txip horiek izan ziren dieselgate auziaren oinarria. Euskal merkatuan milaka auto saldu ziren motor iruzurgilearekin.

Edonola ere, Bosten zirkulua gisa ezagutzen den taldeko konpainiek (BMW, Daimler, Volkswagen, Audi eta Porche) beste hainbat gai aztertu zituzten beren bileretan, besteak beste, eserleku bakoitzaren gutxieneko kalitatea, kalitate kontrolen prozedurak, deskapotableen sabaia jarri edo kendu daitekeen gehienezko abiadura, talken inguruko probak eta segurtasun testak, betiere komunean jartzeko bakoitzaren lana. Hau da, Alemaniako autogintzaren konpainia pribatu desberdinak atal askotan elkar hartuta aritu direla esan daiteke, baina bilera horiek Europako lehiaren arauak haustea beste kontu bat da, konpainien arteko kooperazioak ez duelako ezinbestean kartel bat eragiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.