Naval, likidazioaren atarian

Tapia: "Naval erosteko interesa badute batzuek, baina ez dago eskaintza irmorik"

 

iker Aranburu -

2018ko irailak 27

Bilera izan dute gaur goizean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak eta Navaleko enpresa batzordeko ordezkariek, Bilbon. Bilera horretan, Tapiak berretsi egin die inbertsiogile batzuek "interesa" azaldu dutela Sestaoko ontziolaz jabetzeko, instalazioak bisitatu dituztela —"bat eta bi baino gehiago izan dira"—, baina onartu du inork ez duela "eskaintza irmorik" egin. "Eskaintza horiek ez dira agertzen likidazio prozesua hasi arte".

Hain zuzen ere, astelehenean eskatu zuten Navalen likidazio prozesua haren jabeek, bi amaiera posible dituen prozesu bat: norbaitek ontziola erosi eta berriro martxan jartzea, ala enpresa guztiz itxi eta bere jabetzak (lantegia, orubea, makinak...) enkantean saltzea. 

Jaurlaritza lehen aukeraren alde dagoela berretsi du Tapiak, eta ahaleginak egiten ari direla erosleak aurkitzeko. Hori bai, berriro ere baztertu du gobernuak bere egitea Naval, Europako Batzordeak kinka larrian dauden enpresak diru publikoz salbatzea debekatzen duela argudiatuta. Zein laguntza zehatz baimenduta dauden zehaztuko duen txosten bat agindu die sailburuak langileen ordezkariei.

Kolokan dago zer gertatuko den Navaleko nasetan geratzen den azken ontziarekin, Vox Alexia-rekin. Kroskoa duela urtebete bukatu zuten Navaleko langileek, baina lanak geratuta daude orduz geroztik. Dragaontzia eskatu zuenak, Van Oord Herbehereetako armadoreak, hilabeteak eman ditu negoziatzen ontzia Navalen bukatzeko baldintzei buruz, baina ez da akordiorik izan. "Ulertzen dut Van Oordek bermatu egin nahi duela dragaontzia baldintza onetan egingo dela", azaldu du Tapiak. Langileen ordezkarien arabera, "oso garrantzitsua" da ontzia Sestaon bukatzea, "bestela hilabete edo hilabete eta erdi bakarrik geratzen zaigulako. Ontziolaren heriotza ekarriko luke", Juanjo Llorden enpresa batzordeko presidentearen arabera. 

Langileen protesta

Ontziola nazionalizatzea eta Madrilgo edo Gasteizko gobernuen esku geratzea eskatu izan dute Navaleko langileek, eta gaur ere eskaera hori egin dute, Tapiarekin egin behar zuten bileraren atarian. Juanjo Llorden enpresa batzordeko presidenteak gogorarazi du Frantziako Gobernuak "ontziola bat nazionalizatu" duela.

Bretainiako Chantiers de l'Atlantique da ontziola hori, Sant Nazaer hirian. Kasu horrek, ordea, baditu berezitasun batzuk.  Emmanuel Macronen gobernuak "aldi baterako" nazionalizatzea erabaki zuen duela urtebete, bestela ontziola FIncantieri Italiako ontziola publikoaren esku osorik geratuko zelako. Sant Nazaerren itsasontzi militarrak ere egiten dituztenez, ezagutza militar estrategikoa atzerriko herrialde baten esku geratuko zela argudiatu zuen operazio hori justifikatzeko. Parisko agintarien asmoa da ontziolaren erdia Fincantieri saltzea, eta estatuak akzioen parte esanguratsu bat gordetzea, baina operazioa atzeratzen ari da. Izan ere, Europako Lehia agintariek aurretik erabaki behar dute Chantiers de l'Atlantique kontrolatuta Fincantierik ez ote duen Europako ontzi handien merkatuen gehiegizko parte hartzea izango.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna