Hasi da Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko kongresua Baionan

Etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea gaia jorratuz ekin diote XVIII. kongresuari.

Instituzio eta eragile ugariren babesa jaso du Eusko Ikaskuntzak. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2018ko urriaren 5a
07:18
Entzun

Eusko Ikaskuntzak mendeurrena du aurten, eta hura ospatzeko kongresuari ekingo diote gaur. Guztira, bost saio egingo dituzte, Geroa Elkar-Ekin lelopean, eta Oñatin (Gipuzkoa) aurkeztuko dituzte ondorioak, erakundearen mendeurrena ospatzeko ekitaldiak egitearekin batera.

Kongresu saioak Baionan hasi dira, gaur. Lapurdiko hiriburuko antzokian abiatu da, 10:00etan. Sarrera hitzaldia Osasun eta gizarte erakundeen Ikerketarako Institutuko (IFROSS) fundatzaile eta katedradun Jean-Pierre Claverannek egin du, eta hitza hartu du Jean Rene Etxegarai Baionako alkate eta Euskal Elkargoko lehendakariak ere.

Arratsaldean, Kongresua Baionako Elkarteen Etxean izango da. Gaika, azken urteetan egindako lanek lortutako ondorioak aurkeztuko dira. Azkenik, besteak beste, zahartzea, ezagutza eta lurraldetasunari buruzko mahai-ingurua izango da. Juliette Bergougnan, Michel Berhokoirigoin, Ane Bustindui eta Javier Etxeberria Ezpondak hartuko dute parte, eta Iban Lizarralde izango da moderatzailea.

BERRIAk atzo argitaratutako iritzi artikulu batean, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Xabier Alkorta XVIII. Kongresuko Batzordeko lehendakariak herritar orori luzatu zien kongresu saioetara joateko gonbidapena: "Ehun urte daramatzate Eusko Ikaskuntzen Kongresuek ideologia, egoera, diziplina eta kredo guztietako pertsonen adierazpen askea eta elkarrizketa irekia sustatzen. Orain hasiko dena ez da desberdina izango. Izan ere, ez da erudituei bideratutako bilera bat izango: Eusko Ikaskuntzen XVIII. Kongresua gure garaiko erronkekiko sentikorrak diren eta, hemendik, euskaldunen herrialdetik, horiei erantzuteko premia sentitzen duten pertsonen eta gizarte-kolektiboen partaidetzarako gune bat izango da".

Kongresu saioak

 

Urriak 5, Baiona. Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea.

Urriak 19, Gasteiz. Euskararen etorkizuneko eszenarioak elkarrekin eraikitzen.

Urriak 26, Iruñea. Gure jendeak: gizartea eta kultura.

Azaroak 9, Bilbo. Garapen sozioekonomikoa.

Azaroak 16, Donostia. Gobernantza demokratikoa.

Azaroak 23, Oñati. Kongresuaren ondorioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.