BIHAR BERRIAN
Denbora lapur daiteke
Time Thieves dokumentala egin du Cosima Dannoritzer dokumentalgileak: denboraren lapurrak zer diren eta nola ekiten duten aztertu du, besteak beste. Gai horixe izango da biharko Bizigiro gehigarriko gai nagusia.

Batik bat enpresa handiek kontratatutako langileak gutxitu —eta, beraz, kostuak— eta minutu gutxitarako langile berriak fitxatu dituzte: bezeroak. Haiei lan eginarazten diete, kasi oharkabean, lantxo txikiak eskatuz: supermerkatuan hartutako produktuak norberak ordainduta makinan, ostatuko maindireak norberak gelatik aterata, aireportuetan norberak inprimatuz hegazkineratze txartela makina baten bidez… Bost, hamar minutu lapurtzen dizkiete bezeroei, kontratupeko langile gutxiago eduki ahal izateko. Horixe landu du Dannoritzerrek dokumentalean, eta hori hartu dute ardatz Azpeitian (Gipuzkoa) denboraren erabileraren inguruko azterketa egiten ari dira; asteon, esaterako, Fabian Mohedano ekintzailearen solasaldia izan dute, eta guztiak batuko ditu Bizigiro-k bihar.
Gai gehiago ere izango dira gehigarrian. Besteak beste, telesailen orrian Enrique Urbizu zinemagilearen Gigantes telesaila landuko dute. Horrez gain, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Gazte sortegiak sormen eskola abiatu zuen hilaren 1ean: apirilera bitartean, ordu eta erdiko eskolak jasoko dituzte. Igandetik aurrera Donostian egingo duten Gastronomika kongresua ere landuko dute gehigarrian.
Astebururako proposamenen artean, Euskal Herriko Dantzari Eguna da nagusi: Gasteizen egingo dute, egun osoan.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.