SELEKZIOA

Irabazi egin du euskal selekzioak (4-2), eta giro ona izan da Mendizorrotzan

Selekzioaren azken partidan adina ikusle izan da Mendizorrotzan, baina estadioa txikiagoa izanik, giro askoz gehiago izan da. Etxekoek nagusitasunez irabazi dute

Julen Etxeberria.
2018ko urriaren 12a
11:55
Entzun

Ikusle oso gutxi, giro oso eskasa, ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenik ez... Horren tristea izan zen euskal selekzioak jokatutako azken partidaren irudia, ezen erraza zela hurrengo aldirako egun horretakoa hobetzea. Eta horixe egin da gaur, hobetu, asko. Ez da bete ere Mendizorrotza, nahiz eta bertan San Mamesen sartzen diren ikusleen erdia baino gutxiago kabitu. Euskal selekzioak jokatutako azken partidan adina ikusle izan da, 15.132, baina antzik ez da izan giroari dagokionez: giro bikaina egon da.

Azken urteetatik hona selekzioaren lagunarteko partidek indarra galdu dutela kontuan hartuta, tamaina aproposagoa da Mendizorrotzakoa: 19.840 ikusle. Gaur, gainera, lehia hasi aurretik jada giro polita egon da, Euskal Zaletuak elkarteak deituta, zaleek kalejira egin baitute Ofizialtasuna orain! lelopean. Arazo bakarra izan da: bengalak piztu dituzte neurketa hasi aurretik, debekatuta dauden arren. Eta hori salatu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atsedenaldian. Zupiriak, halaber, salatu egin du partidan zehar egin diren zenbait oihu.

Irtenbidea, hala ere, ezin da izan estadio txikiagoetan jokatzea. Ofizialtasunaren gaiari benetan heldu behar zaio, eta hori lortzeko urratsak egiten hasi: lehena, aldarrikapen hori berrindartu, azken urteetatik hona indar handia galdu baitu. Horretarako, nahitaezkoa da aldarrikapena presente egotea, adibidez, jokalariak berriro atera daitezela ofizialtasunaren aldeko pankartarekin. Azken lau partidetan ez dute egin halakorik. Halaber, lagunartekoak jokatzen jarraitzearen alde egiten baldin bada, nahitaezkoa da ere oraingoan bezala, FIFA datetan jokatzea, arerio indartsuagoak erakartzeko eta haien aurka jokatuz nazioartean ospea lortzeko.  

Duela bi urte ez bezala, gaur gertutik sentitu dituzte zaleen animoak euskal selekzioko jokalariek. Eta horrek, noski, izan du eraginik: gogo gehiagorekin jardun dira. Aurkari deserosoa zuten aurrean, Venezuela, munduko sailkapenean 32. postuan dagoen selekzioa. Gainera, FIFA datak izanik, Hego Amerikako selekzioa futbolari onenak zelairatu ditu.

Alferrik. Euskal selekzioak berriro erakutsi du nazioartean lehiatzeko moduan dagoela. Zer esanik ez jokalari onenekin ariko balitz. Arrazoi ezberdinak tarteko, makina bat jokalari garrantzitsu faltatu dira gaur, baina, hala ere, 4-2 irabazi du. Garaipenari esker, bolada onari eusten dio. Ia zazpi urte daramatza galdu gabe, 2011n, San Mamesen, Tunisiak 0-2 irabazi zionetik. Zazpi lehia jokatu ditu ordutik: sei irabazi ditu (Bolivia, Peru, Katalunia, Korsika, Tunisia eta Venezuelaren aurka), eta bat berdindu (Kataluniarekin).

Euskal selekzioa nagusi izan da. Indarrez zelairatu da, eta bere arean sartu du Venezuela. 25. minutuan jada lehen gola sartu dute etxekoek. Ibai azti ibili da falta batean, harresian zeudenek jauzi egin eta haien azpitik baloia botata. 25. minutua zen. Baina gutxi iraun du pozak Mendizorrotzan, bost minutura banakoa sartu baitu Morenok, areaz kanpotik, baloiak Yuri ukitu ondoren. Gola sartuta, gora egin du Venezuelak, eta lehia parekatu egin da. Etxarrik eta Amorrortuk aldaketa asko egin dituzte bigarren zatiari ekiteko, eta bete-betean asmatu dute hori eginda. Izan ere, zelaira irtendako bi jokalarik gol bana sartu duten zortzi minutu eskasean: Bautistak sartu du 2-1ekoa, area barrutik, eta Arbillak 3-1ekoa, area kanpotik. Aldaketak egon dira Venezuelan, baina alferrik. Aritz Elustondok laugarrena sartu du 87. minutuan, eta Poncek bigarrena 90. ean. Azkenean, garaipena, eta festa. Azken partidan gertatu zena eta gero, behar zen horrelako zerbait. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.