Pobrezia

Eguneko 4,75 euro baino gutxiagorekin bizi da munduko populazioaren %46

Munduko Bankuak nabarmendu du muturreko pobrezia murrizten ari dela, baina ohartarazi du oraindik ere milaka milioi pertsonak arazoak dituztela oinarrizko beharrak asetzeko.

Gizon bat dirua eskatzen atzo, Moskuko Plaza Gorrian.
Gizon bat dirua eskatzen atzo, Moskuko Plaza Gorrian. SERGEI ILNITSKY / EFE

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 17

Pobreziaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, urriak 17, eta eskura dituen azken datuen berri eman du Munduko Bankuak (MB), azterketa berri baten bidez.

2030. urterako muturreko pobrezia ezabatzea jarri zuen erakundeak helburu gisa. Bide horretan aurrerapen esanguratsuak izan direla ziurtatu du. Hala, 1990. urtean populazioaren %36 bizi zen eguneko 1,65 euro baino gutxiagorekin. 2015. urtean, kopuru hori %10era jaitsi zen. Jaitsieraren erritmoa "moteldu" dela egiaztatu dute, edonola ere.

Pobreziari erreparatzeko neurgailuak berrikusi ditu MBk. Hala, beste bi erreferentzia mahaigaineratu ditu. Diru sarrera ertain edo txikiak dituzten herrialdeetan 2,75 euro lirateke pobreziaren muga. Diru sarrera ertain-altuak dituzten herrialdeetan, berriz, 4,75 euroan ezarri du.

Azterketaren arabera, oraindik ere munduko populazioaren %46 bizi da eguneko 4,75 euro baino gutxiagorekin. 1.900 milioi bizi dira 2,75 euro baino gutxiagorekin, populazioaren %26,2.

Bankuak 91 ekonomia ikuskatu ditu. 70 herrialdetan gora egin dute %40 txiroenen  diru sarrerek. Eremu geografikoaren arabera emaitza ezberdinak daude. Hego Amerikan eta Asia hego nahiz ekialdean handitu da populazio pobreak duen aberastasunaren zatia. Europan, Asia erdialdean, Ekialde Hurbilean eta Afrikan, ordea, behera egin du.

Pobreziaren alderdi ekonomikotik harago begiratzeko beharra ere jasotzen du txostenak. 119 herrialdetako lagin bat hartuta, ikertzaileek kalkulatu dute zortzi herritarretik batek duela pobrezia ekonomikoa, dirutan neurtuta. Haatik, bederatzitik zortzik dute oinarrizko beharren bat bete gabe; esaterako, hezkuntzarako sarbide egokia edo oinarrizko azpiegiturak eskura.

Europan, %22,5 pobrezia arriskuan

Pobreziaren aurkako nazioarteko eguna baliatu du Eurostat estatiska erakundeak Europari buruzko azken datuak emateko, halaber. Europako Batasun osoan 113 milioi lagun bizi dira pobrezia edo bazterketa arriskuan. Populazioaren %22,5 dira.

Azken urteotan bezala, beheranzko joerari eutsi zaio. 2016. urtearekin alderatuz, puntu bat gutxiago da. Euroaren krisiak pobrezian erortzeko arriskua handitu zuen, eta herritarren laurden bat izateraino iritsi zen 2009. eta 2012. urteen artean.

Biztanleen herenak baino gehiago daude bazterketa eta pobrezia arriskuan Bulgarian (%38), Errumanian (%35) eta Grezian (%34). Zerrendaren beste aldean ageri dira Txekiar Errepublika (%12), Finlandia (%15), eta Eslovakia (%16). EAPN pobreziaren aurkako sareak egindako neurketaren arabera, biztanleen %14,5 daude arriskuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %13,5 Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna