Musika

Diana Krall, Jamie Cullum, Joshua Redman eta Neneh Cherry, Donostiako Jazzaldian

Uztailaren 24tik 28ra egingo da jaialdia, eta Maria Schneider eta Donny McCaslin ere izango dira bertan

Diana Krall, 2016ko Donostiako Jazzaldian. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2019ko urtarrilaren 4a
11:25
Entzun

Donostiako Jazzaldiak jakinarazi duenez, Diana Krall, Jamie Cullum, Neneh Cherry, Joshua Redman, Maria Schneider eta Donny McCaslinek hartuko dute parte, aurten, jaialdian.

Diana Krall ezagun egin da hala pianista nola abeslari modura, eta 2016an izan zen azkenekoz Donostiako Jazzaldian. Oraingoan Joe Lovano izango du artista gonbidatu gisa, hau da, jazzeko saxofoi jotzaile garrantzitsuenetako bat, distira handikoa bere taldeen buruan ari denean eta luxuzko lankidea laguntza lanak egin behar dituenean, kasu honetan bezala. Robert Hurstek (kontrabaxua) eta Karriem Rigginsek (bateria) osatuko dute Krallen taldea.

Jamie Cullumek ez du aurkezpenik behar Donostian. 2013an Zurriolako hondartzan milaka lagunen aritu ondoren, 2015ean hiru emanaldi eskaini zituen jazzaldian: DJ modura, pianoko bakarlari gisa eta bere taldearen buruan. Ez du, oraingoz, disko berririk esku artean.

Maria Schneider Ensemble Denada-rekin batera dakarren proiektuarekin estreinatuko da Donostiako Jazzaldian. Orkestra zuzendari eta musikagile goraipatua da Schneider, bost Grammy sari irabazi ditu, kritikak eta ikus-entzuleek oso gogoko dute, eta jazzeko izar inportantea da une honetan. Ensemble Denada banda norvegiarra, berriz, Europako talde berritzaileenetako bat da. Oso errepertorio askotarikoa du talde honek, hala erritmoen nola doinuen ikuspegitik.

Donny McCaslinek izugarrizko arrakasta lortu zuen 2017an Donostiako Jazzaldian. Kamasi Washingtonek jotzen zuen egun berean jo zuen saxofonista estatubatuarrak Trinitate plazan, eta, askoren ustez, itzal egin zion jazz garaikideko izar berriari. Ezagutzen zutenek —2016an ere jo zuen Steps Ahead Reunion Tour-eko kide gisa eta Blackstar David Bowieren azken diskoan parte hartu zuen— bazekiten haren mailaren berri, baina askorentzat egundoko aurkikuntza izan zen. McCaslin-ek esperientzia aipagarria du jazzaren munduan: elkarlanak egin ditu Steps Ahead, Gil Evans, Danilo Perez eta Dave Douglasekin, eta, 2004an, jazzeko instrumentista bakarlari onenaren Grammy sarirako izendatu zuten.

Donny McCaslin eta Maria Schneider aurretik ere elkarrekin lan eginak dira, eta Jazzaldiko saio berean izango dira: lehenengoan, McCaslin izango da protagonista, bere boskotearekin, eta, bigarrenean, Maria Schneiderrek zuzenduko du Ensemble Denada. Azkenean, McCaslinek Schneiderekin eta Ensemble Denadarekin bat egingo du elkarrekin Sue (Or in a Season of Crime) interpretatzeko, hau da, Schneiderrek Bowierentzat 2014an idatzitako abestia, zeinarekin irabazi baitzuen Grammy saria. Pieza hori Blackstar azken diskoan sartu zuen Bowiek.

[youtube]https://youtu.be/nFX1y62l9C4[/youtube]

Neneh Cherry abeslaria nazioarteko izar ukaezina bihurtu da Woman eta 7 Seconds abestiei esker edota Cole Porterren I've Got You Under My Skin klasikoaren interpretazioa dela medio. Horiez gainera, proiektu berritzaileak sustatu ditu, hala nola jazz esperimentaleko The Thing talde eskandinaviarrarekin egindako elkarlana, hain zuzen ere, 2012ko jazzaldian aurkeztu zuena, edota CirKus, zeinarekin 2007an izan baitzen Donostian. Broken Politics (2018) du azkeneko diskoa.

[youtube]https://youtu.be/W6ivBXh1zGQ[/youtube]

Joshua Redman 90eko hamarkadan sortutako saxofonista ezagunenen artean dago. Still Dreaming (2018) diskoa aurkeztera dator. Laguntzaile izango ditu Ron Miles tronpetan, Scott Colley kontrabaxuan Dave King baterian.

[youtube]https://youtu.be/l_9MyPALmYM[/youtube]

Aurretik ere iragarria zuen Donostiako Jazzaldiak bere 54. ekitaldiko saio aipagarrienetakoa, John Zornen Bagatelles maratoia. Bi saiotan (uztailaren 27an eta 28an) banatutako maratoi horretan hamalau taldek hartuko dute parte John Zornen The Bagatelles musika-liburu berri eta luzeko 50 konposizio baino gehiagoren interpretazioan. Parte hartuko duten musikarien artean daude Mary Halvorson, Marc Ribot, Kris Davis, Julian Lage, Dave Douglas, Joey Baron, Craig Taborn, Peter Evans, John Medeski, Ikue Mori, Erik Friedlander, Mark Feldman, Sylvie Courvoisier, Kenny Wollesen eta Trevor Dunn.

Donostiako Jazzaldirako sarrerak otsailaren erdialdera jarriko dituzte salgai.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.