PRESO ERIAK

Osabideak-ek uste du preso erien protokoloak "zigorraren krudeltasuna itxuraldatu" duela

Elkarteak ontzat jo du Espainiako Gobernuak orain arteko instrukzioa aldatu izana, "gobernua berau egitera behartua sentitu delako, nahiz eta funtsezko aldaketarik ez duen suposatzen".

Preso eriak askatzeaen aldeko manifestazio bat, 2014an, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
jon olano
2019ko urtarrilaren 3a
06:59
Entzun

Mariano Rajoyren gobernuak preso eriak askatzeko baldintzak gogortu zituen 3/2017 instrukzioan, eta agindu hori bertan behera utzi duela jakinarazi zuen Espainiako Gobernuak urtezahar egunean.

Osabideak osasun eskubideen aldeko sendagileen eta legelarien elkarteak, ordea, ohar egin du: uste du funtsean ez dagoela aldaketarik, formetan baizik. Adibide gisa aipatu duenez, 3/2017 instrukzioak gaixoek askatasunean biziko duten bizitzako azken aldia "bizi aldi oso motzera" murrizten zuen; 06/2018 aginduak esamolde "gogaikarri" hori ezabatu du, baina "oker nahasten" ditu bizitzarako arrisku nabaria eta gaixotasun terminala kontzeptuak. Horren ondorioz, "hainbat gaixotasun larri, sendaezin eta bizitzarako arrisku nabaria dutenak (gaixotasun mental larriak barne) kanpoan uzten ditu", elkartearen arabera.

Agindu berriak irizpide edo protokolo berriak jasotzen dituela-eta, Osabideak-ek ohartarazi du ez direla eranskin berriak: "Aurreko protokoloetan eta kartzelako medikuek aspaldi erabiltzen dituzten agiriak dira eta beraien eraginkortasun eza agerikoa da. Zuzenbidearen kontrakoa izateaz gain, tratu krudel eta iraingarria ahalbidetzen duen tresna da".

Halaber, salatu dute lege aginduak ez duela babes juridikorik eta gauza bera gertatzen zela preso erien inguruan argitaratutako aurreko bi instrukzioekin: "Hirurak ad hoc sortutako instrukzioak dira, marko legaletik kanpo, larriki gaixo edo ahultasun egoera berezian dauden pertsonen zigorraren etendura lortzeko aukerak baldintzatu edo eragozteko".

Beraz, ondorioztatu dute aldaketa "forman" datzala, ez mamian: "Zigorraren krudeltasuna itxuraldatu dute. Bi instrukzioek ideia bera konpartitzen dute: gaixoek epe laburrean hiltzeko bakarrik atera behar dutela espetxetik". Aitzitik, positibotzat jo dute gobernuak bere burua "behartuta" ikusi izana aldaketa hori egiteko: "Bidea egiten jarraitu behar dugu, larriki gaixo dauden pertsonen espetxeratzearen ordezko neurriak berdintasunezko ardatz sanitario eta humanitarioen gain egon arte".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.